Gasteizko Mercedesko zuzendaritzak eta langile batzordeak bilera izan dute gaur goizean, eta enpresak helarazi du kontratazio berriak egingo dituela luze gabe. 2021. urtean beste 8.500 furgoneta ekoitzi nahi ditu, 140.000 ibilgailuren kopurua lortu arte, eta helburu hori lortzeko beste 400 langile hartuko dituela esan du. Ekainetik azkartu nahi du ekoizpenaren erritmoa enpresak, eta ordurako behargin horiek lanean leudeke.
Ehunka lanpostu galtzeko bidean jarri dituztela salatu zuten sindikatuek joan den urteko hondarrean. Edonola ere, ekainaren 1ean hasita, hiru txandak berreskuratuko ditu Alemaniako konpainiak Gasteizko plantan, eta urriaren 1era arte behintzat eutsi egingo diote txanda sistema horri. Halaber, zuzendaritzak jakinarazi die sindikatuei martxoko hiru larunbatetan lan egin beharko dela, hilaren 6an, 13an eta 27an, eta udako oporrak abuztuan hartu beharko dituztela langileek. 2020. urtean 152.000 furgonetaren helburua jarrita zuen enpresak, baina, azkenean, hainbat doikuntza egin zituen, eta 125.000 ibilgailu besterik ez zituen ekoitzi.