Iazko urtarrilean zigortu zuen Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak Mercedes. Esan zuen azken lan hitzarmenaren negoziazioan, 2011n, askatasun sindikala urratu zuela eta 6.000 euro ordaindu behar zizkiola ELAri; izan ere, bai enpresak bai UGT, CCOO, Ekintza eta LSBk negoziazioetatik kanpo utzi zuten ELA, ezkutuan egin baitzituzten negozioazio bilerak. Orain, Auzitegi Gorenak berretsi egin du Auzitegi Nagusiaren epaia.
"Pozik gaude epaiarekin, ikusi ahal izan baitugu gure susmoak ondo finkaturik zeudela, eta gure enpresak azken urteotan lan-harremanak ulertu dituen modua ez dela izan oso demokratikoa eta gardena", esan du ELAk. Gaineratu du "enpresaren eskutik" doazen sindikatuek onurak jasotzen dituztela, bai maila sindikalean, bai pertsonalean. "Hori gauza ezaguna da bertan lan egiten dugun askorentzat".
Hala, sindikatuaren itxaropena da laster egingo diren hauteskunde sindikaletan langileek "aurre egitea" enpresaren jokabide horri, eta, ondorioz, "lan harreman demokratikoagoen alde" dauden antolakundeak sendoago ateratzea.