Mercedesek ibilgailu elektriko bat ekoitziko du gutxienez Gasteizen

2025eko hasieran hasiko da, eta ziurtzat jo daiteke 1.200 milioi euroko inbertsioa iritsiko dela

Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Mercedesek motor elektrikodun modelo bat ekoitziko du gutxienez, Gasteizen duen lantegian. Goi gamako monobolumen bat izango da, eta 2025eko lehen hilabeteetan irtengo dira lehen unitateak. Enpresak ez du ofizialki baieztatu, multinazionala ibilgailu elektrikoak non eta nola ekoitziko dituen erabakitzen ari delako, baina Emilio Titos Gasteizko plantako zuzendariak dagoeneko eman die erabakiaren berri bere azpiko 200 arduraduni. Sektore horretako iturriek ere ziurtzat jotzen dute.

Azken hilabeteetako ziurgabetasunaren ondoren, apurka ari da argitzen langile gehien dituen Euskal Herriko plantaren etorkizuna. Mercedesek ibilgailu elektriko bat gutxienez ekoiztea espero zen, baina baieztapen ofizialik izan ezean zalantzak hor ziharduen. Orain, albiste honekin, ziurtzat jo daiteke aurrera egingo duela Gasteizen egin asmo zuen 1.200 milioi euroko inbertsioarekin.

Azken hilabeteetan Mercedesen erabakia erraztu duten bi pauso eman dira. Batetik, langile batzordeak zuzendaritzak proposaturiko lan itun berria onartu zuen uztailean. Zuzendaritzak esana zuen hura onartu gabe inbertsioa egitea oso zaila izango zela. Bestetik, iragan astean Gasteizko Udalak lantegia 23,8 hektarea handitzeko baimena eman zion Mercedesi. Zabalgana parkearen alboan egingo dute.

Auto elektrikoaren ekoizpena bi urte barru hasiko da, eta, egun, Gasteizen muntatzen diren leherketa motorreko bi ereduekin uztartuko da (Vito eta V klaseko furgonetak). Hasieran, Mercedesek 2024rako eten nahi zuen bi eredu horien ekoizpena, baina iritzia aldatu zuen, eta litekeena da beste lau edo bost urtez luzatzea.

Gasteizko plantan bi moldaketa handi egingo dituzte. Lehena 2023an izango da, auto elektrikoaren beharretara egokituta. Bestea 2030ean egitea espero da, betiere erregai kutsagarrien debekuaren dataren arabera. Europak 2035erako ezartzea espero da, eta orduan desagertuko dira egungo ekoizpen lerroak.

Ibilgailu elektrikoa ekoitziko dela baieztatuta, zenbat ekoitziko diren jakitea da hurrengo pausoa. Iaz, 134.000 furgoneta ekoitzi zituen Gasteizek. Mercedesek auto bera ekoitziko du Dusseldorfeko (Alemania) eta Kecskemeteko (Hungaria) plantetan. Kopurua erabakigarria izan daiteke enpresak Basquevolt egitasmoari eman diezaiokeen babes mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.