Mercedesek sindikatuekin adostu du 2.874 langileren jarduera 70 egunez etetea

Enplegua erregulatzeko lehenengo dosierra amaitu bezain laster, bigarrena sartuko da indarrean, Mercedesen

Erredakzioa
2009ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Mercedes Benz autogileak Gasteizko langile batzordeko gehiengoarekin onartu zuen atzo enplegua erregulatzeko bigarren dosierra. Hain zuzen, aurtengo azarotik datorren urteko ekainera, 70 eguneko etenaldia egingo dute. UGT, CCOO, LSB eta Ekintza sindikatuek dosierraren aldekoak izan ziren, eta ELAk akordioaren aurka dagoela jakinarazi zuen, baldintzekin ados ez dagoelako. ESK-ko eta LABeko ordezkariek, berriz, ez zuten bileran parte hartu.

Atzo onartutakoaren arabera, lantegian indarrean dagoen erregulazioaren baldintzak izango dituzte kaltetutako 2.874 langileek abenduaren 31ra arte. Horrela, soldata gordinaren %80 ordaindu beharko die enpresak langileei, oporrak eta lansari bereziak osorik emanda. Urtarrilaren 1etik, aldiz, soldataren %70 jasoko dute.

Enpresak lan eskaeraren beherakadari egotzi dio dosierra aurkeztu behar izatea. Egun, lantegiak eguneko 229 ibilgailuko eskaera dauka; normalean, 455ekoa da, batzordearen arabera.

Outukumpuren etorkizuna

LABek eta CCOOk, bestetik, Leaf Business Holdings enpresak (LBH) Zaratamoko (Bizkaia) lantegia, Outukumpu izandakoa, itxi nahi dutela salatu zuten atzo. Langileak gaur egingo duten protestara deitu zituzten, Basauriko udaletxean 11:30ean, eta, ondoren, Loly de Juan udalerriko alkatearekin bilduko dira.

Lantegia hilaren 18az geroztik itxita dagoela ohartarazi zuten sindikatuek, eta, egungo 280 beharginetatik, «200inguru» kaleratu nahi dituztela salatu zuen LABek. Era berean, zuzendaritzaren «jarrera autoritarioa» gaitzetsi zuen.

Azken bi hamarkadetan, enpresak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzetan zortzi milioi euro eskuratu dituela gogorarazi eta, egun, konkurtso legean dagoela esan zuten LABetik. LBHtik, alabaina, Zaratamoko lantegia itxi dutenik ezeztatu egin zuten. Enpresako ordezkari batek adierazi zuenez, lantegia «etenaldian» dago, eta «etorkizuna» izan dezakeela ziurtatu zuen, «alderdi guztiok horren alde lan eginez gero».

Greba deialdiak

Zornotzako (Bizkaia) Amilibia y de la Iglesia eta Gasteizko CIE-Mecauto enpresetako langileek ere protestak iragarri zituzten atzo. Zornotzakoek 15 lankideren kaleratzea salatzeko greba mugagabea egingo dute eta, CIE-Mecautokoek, berriz, egun osoko greba deitu dute gaurko. Kontzentrazioak ere egingo dituzte Bilbon eta Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.