Uztailaren 29tik derrigorrezko oporretan daude Gasteizko Mercedes lantegiko 5.000 beharginak; astelehenean itzuliko dira lanera, baina luze gabe ekoizpenean berriro arazoak egon daitezkeela jakinda. "Bakarrik astebeterako dago bermatua lan karga", esan dute sindikatuen iturriek, zuzendaritzak horrela helarazi dielako. Osagaien eskasiak —batez ere erdieroaleenak— eragin ditu geldialdiak urteko lehen zazpi hilabeteetan, eta, aurrerantzean ere, ekoizpena berriro geldi dezake Alemaniako multinazionalak.
Horiek horrela, lan poltsan lau egun baizik ez zaizkie geratzen beharginei, eta, gero, aldi baterako enplegu erregulazioa irits daiteke. Urtea amaitu arteko epemugarekin, 30 eguneko erregulazioa adostu zuten sindikatuen gehiengoak eta zuzendaritzak uda hasieran. Osagaien eskasiak eragin zezakeen etenari aurre egiteko aldi baterako enplegu erregulazioa da adostu zena, aldeek jaso zutenez. Udaren atarian, 2021erako aurreikusi baino 7.599 ibilgailu gutxiago ekoitziko zirela jakinarazi zuen zuzendaritzak, eta 141.001 alekoa izango zela, beraz. Horrez gain, uztailaren 5ean hasita, gaueko lanaldia murritzagoa da muntatze lanetan.
Sindikatuek espero dute datorren astean xehetasun gehiago jakitea osagaien hornitzaileen egoeraren inguruan, eta horrek Gasteizko fabrika handian nola eragingo duen. Bien bitartean, milaka furgoneta pilatu dituzte lantegiko orube batean eta Araiako beste batean, merkaturatu aurretik falta dituzten osagai batzuen esperoan.