Lan gatazka

Mercedesen "kontratazio iruzurra" geraraztea eskatu dute sindikatuek, legebiltzarrean

ELAk, LABek eta ESK-k laguntza eskatu diete erakundeei eta alderdiei, Gasteizko lantegiaren "iruzur sistematikoa" galarazteko.

Behargin bat lanean Mercedesen plantan, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2017ko azaroaren 10a
12:47
Entzun

EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko parlamentariekin batera egin dute agerraldia sindikatu abertzaleetako kideek Eusko Legebiltzarrean, Gasteizko Mercedesen "kontratazio iruzur sistematikoa" egiten ari dela salatzeko. CCOO eta UGTren gehiengoak kontratazioaren kudeaketan esku hartzen duela salatu dute, zuzendaritzarekin batera. Kontratu finkoa izatera pasatu beharko luketen 500 beharginen kontratazioan iruzur egiten ari direla diote ELAk, LABek eta ESK-k, eta Lan Ikuskaritzak eta epaitegiek ere horrela berretsi dutela gaineratu dute.

"Konpromiso politikoak" eskatu dituzte egoera horri "galga jartzeko". Arabako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean erronda egin dute alderdietako kideekin, egoera zein den azaltzeko. Enplegu Sailaren esku hartzearen aldeko jarrera eskatu diete, baita Lan Ikuskaritzari bitartekoak ematea ere, isunetatik harago, "eraginkor" izan dadin. "Ezustea eta kezka" helarazi dizkiete alderdiek, ELAko kide eta batzordeko presidente Igor Guevarak esan duenez.

Guevarak dio Mercedesen ekoizpenari lotutako "zenbaki historikoak" albiste onak direla, baita enpleguari lotutakoak ere, baina hori ezin dela "oztopo" izan "kontratazioan gertatzen den iruzurra salatzean". Enpresak Lan Ikuskaritza gutxietsi egin duela uste du sindikalistak, haren eskaerei muzin egin dielako, "argi eta garbi". ELAko kideak garbi esan du iruzurrari muga jartzeko ere UGTk eta CCOOk ez dutela borondaterik. "Nahiago dute etekina atera kontratu finkoei buruz legeak dioena betearaztea baino; beren salerosketa bukaraziko lukeen negoziazio prozesu bat baztertu dute sindikatu horiek eta Mercedesen zuzendaritzak".

Gasteizko Mercedesen lan gatazkak bide luzea egin du. Gaur egungo langile batzordea ELAk, LABek, CCOOk eta ESK-k osatzen dute, CCOOren eta UGTren artean egondako ika-mikaren ondoren. UGTk proposatutako Iñaki Andresen hautagaitza ez babestea erabaki zuen CCOOk, eta batzordearen presidentetza galdu zuen UGTk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.