Euskaldendak Euskadiko dendarien konfederazioa, ELA, LAB, CCOO, UGT eta EKA eta EKE kontsumitzaileen elkarteak ez daude ados merkataritza ordutegiak liberalizatzeko erabakiarekin —Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzaren erabakia jasotzen duen ebazpena—.
Eragile horien arabera, "ez dago ireki beharrik, ezta ordutegi zabalagoa ezarri beharrik ere", kontsumitzaileak "pozik" daudelako egungo ereduarekin.
Azaldu dutenez, liberalizazioak "ez du enplegua sortzen", eta uste dute neurri hori martxan jartzeak "ordu gehiago" lan egitea ekarriko diela langileei eta atseden denbora "are gehiago" murriztuko zaiela. Gainera, salatu dute erabaki horrekin sektoreko langileekiko "abusuzko praktika bat normalizatu" nahi dutela.
Bilbo izango da ordutegiak erabat liberalizatuta edukiko dituen Hego Euskal Herriko lehen hiria. Donostian, Juan Karlos Izagirre alkateak beharrezkotzat jo du liberalizazioaren gaia eragile guztien artean adostea. Merkatari eta bizilagunek erabakian parte hartu beharko luketela iritzi dio. Ez du zehaztu Donostian zer ingururi eragin diezaiokeen neurriak.