Enpresak

"Merkatu oso ahulak" %64 jaitsarazi ditu Tubacexen irabaziak

Energia sektoreari begira egiten du lan altzairu tutuen konpainiak, eta eskaerak %30 eta %50 bitarte murriztu direla ohartarazi du.

Ivan Santamaria.
2016ko otsailaren 26a
12:16
Entzun

Petrolio merkeak eta lehengaien prezioen jaitsierek hainbat efektu izaten ari dira euskal ekonomian, eta ez bakarrik onerako. Iazko emaitzak aurkeztu ditu gaur Tubacex enpresak. Irabazi garbiak %64 murriztu zaizkio, eta salmentetan ere %2,4 egin du atzera. Merkatuaren egoera "oso ahula" azpimarratu du konpainian, CNMV burtsa ikuskatzaileari igorritako informazioan.

Soldadurarik gabeko altzairu hodiak ekoizten ditu Laudioko enpresak. Energiaren sektorekoak ditu bezero, batez ere. Petrolio eta gas bilaketan ari diren enpresak, findegiak, edo argindarra banatzen duten konpainiak. Eskaera nabarmen murriztu zaio Tubacexi  iaz, %30 eta %50 bitartean. Ahulezia hori joan den urteko amaieran islatzen da. Azken hiruhilekoan salmentak %20 jaitsi dira, eta 5,4 milioi euroko galerak izan ditu.

Arazoak arazo, 8,4 milioi euroko mozkin garbiak lortu ditu konpainiak urtea ixterakoan. Kopuru horretatik %40 akziodunei dibidendu gisa ordainduko die aurten. Hain zuzen ere, 0,02 euro emango ditu akzio bakoitzeko.

2016 urteko lehen hiruhilekoan merkatuaren gainbeheraren ondorioak nabaritzen jarraituko duela uste du zuzendaritzak. Hori bai, urteak aurrera egin ahala "hobekuntza mailakatua" espero du, balio erantsi handiagoa duten produktuetan kuota handituta eta proiektu berriak erakartzeko duen oinarria baliatuta.

Ibex Small Caps indizean kotizatzen du Arabako enpresak. Merkatuan duen kapitalizazioa 235 milioi eurokoa da gaur egun. 2.300 langile eta lantegi produktiboak Arabako Aiaraldean, AEBetan, Italian, Austrian, Indian eta Txinan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.