Hitzaldi bat emateko gonbidatuta zegoen aurretik ere, eta hala ere ikusmin handia sortuko zuen ziurrenik. Baina Mark Zuckerberg Facebook sare sozialaren sortzaileak Bartzelonako Mobile World Congressen astelehenean egin zuen agerraldiak are oihartzun handiagoa eragin zuen. Ez alferrik, bost egun lehenago Whatsapp sakelako mezuen zerbitzaria 13.800 milioi euroren truke erosiko zuela jakinarazi zuen. Eta horrekin mezu argi bat bidali: Facebook telekomunikazioaren sektorean sartu dela. Ate handitik sartu gainera. Beraz, are arrazoi gehiago zeukan Zuckerbergek sakelako telefonoen nazioarteko azokan azaltzeko. Eta sortu zuen ikusmina hitzaldiaren aurreko ilara luzeen arabera zenbatu zitekeen. Rock izar bati egin ohi zaion harrera egin zioten Bartzelonan.
Baina 450 milioi sakelako telefonoetan presente dagoen aplikazioaren truke Facebookek ordaindu duen dirutzak zeresana sortu du. Gehiegi ez ote zen, eta haren errentagarritasuna zalantzan jarriz. Baina Zuckerbergek garbi hitz egin zuen: "Ordaindu duguna baino askoz gehiago balio du oraintxe Whatsapp aplikazioak". Zalantza horri beste bat gehitu zitzaion albistea jakin bezain pronto. Zertan aldatuko da mezularitza sistema sare sozialak erosi ondoren? Zuckerberg: "Whatsapp ez da aldatuko, Facebookek erosi duelako. Inozokeria izango zen hori egitea".
Ordu batzuk lehenago, ordea, Jan Koum aplikazioaren sortzaileetako batek bestelako mezua eman zuen Bartzelonako azokan. 2014ko bigarren hiruhilekoan Whatsappekin ahots bidezko deiak ere egin ahalko dira. Telekomunikazioaren sektorea Facebooken erosketatik bere onera itzuli gabe zegoen oraindik, eta Koumek argitu zituen aurreikuspenak hautsak harrotu zituzten aste betean bigarren aldiz. Mezularitza zerbitzariak telefonia konpainia handiei negozio zati handi bat kendu zien SMSen merkatuan, eta, orain, kezkatuta daude doako deiekin ere berdin gertatuko ez ote den. Ezbairik gabe, Bartzelonako Mobile World Congresseko protagonista nagusietakoak izan dira bi konpainiak.
Kontuak kontu, Facebookeko sortzailea beste aldaketa bati buruz ari zen Whatsapp zerbitzuari buruz hitz egiten ari zenean. Negozio ereduari buruz, hain zuzen ere. Izan ere, sare sozialaren eta Whatsapp aplikazioaren diru iturriak bide askotatik iristen dira, kontrajarriak ere izateraino. Facebookek, esaterako, publizitatearen bidez jasotzen du bere irabazien %90. Eta esan daiteke ez doakiola batere gaizki. 2013. urtean 1.100 milioi euroko irabazi garbiak izan baitzituen, 2012an baino %2.700 aldiz handiagoa. Kontuan hartu behar da urte hartan burtsaratu zela konpainia eta 53 milioi euroko irabaziak izan zituela; 2011n, berriz, 740 milioi eurorenak izan ziren. Baina berreskuratu dela dirudi. Konfiantza itzuli da. Azken finean, iaz1.230 milioi erabiltzaile ere izan zituen Facebook, eta erabiltzaileen datuak saltzen ditu, ondoren bakoitzarentzako iragarki pertsonalizatuak eskaintzeko. Eta hortik datozkio irabaziak.
Whatsappek, bestalde, bere zerbitzuen truke ordaintzeko eskaera egiten du iaztik. Alegia, ez du iragarkirik eskaintzen, eta 2012an horretarako zein arrazoi zeuzkaten azaldu zuten euren blogean: "Googlek zuri buruz jakin daitekeen guztia daki. Zer gustatzen zaizun edo zure interesei buruzko dena, eta hori iragarkiak saltzeko erabiltzen du. [...] Gure negozioa sortu genuenean, ez genuen nahi zerbitzua iragarkientzako edukiontzi izatea". Eta hala da gaur egun ere. Baina urtero kuota bat ordaindu behar da, euro batetik beherakoa. Hala ere, iaz arte doakoa zen. Hartan, negozio eta irabaziak inbertsio funtsetatik lortzen zituen. Hau da, aurrerantzean ere erabiltzaile gehiago izatea aurreikusi zuten, eta zenbait enpresak han inbertitzen zuten. Hazten ari zen (eta den) konpainia delako. Baina, azkenean, ordainpeko bihurtu da mezulari sistema errentagarritasun handia-goa lortze aldera.
Facebook eta Whatsap arteko aldea, beraz, nabaria da. Eta hortik sortu dira zalantzak, batez ere. Baina Zuckerbergek mezulari sistema ez dela aldatuko esaten zuenean, negozio ereduari buruz ere ari zen. "Datuen politika ere ez da aldatuko. Whatsappek ez du biltzen bere erabiltzaileek partekatzen duten informazioa. Eta horrek bere hartan iraungo du". Alegia, garbi utzi zuen bakoitzak bere negozio bideari eutsiko diola. Eta Koumek ere behin eta berriro berretsi zuen ideia hori Bartzelonako Mobile World Congressen eskaini zuen hitzaldian. "Ez dugu aurreikusten gure lan ildoa ezertan aldatzea, Facebooken barruan modu independentean egingo dugu lan". Bi konpainien arduradunek ez zuten fisikoki bat egin, baina mezu bera eman zuten birritan.
"Ez da traizio bat"
Baina sakelako telefonoen nazioarteko azokarik garrantzitsuenean beste aliantza batek ere eman du zeresana. Duela bost hilabete erosi zuen Microsoft erraldoiak garai hobeak ezagutu zituen Nokia telefono ekoizlea. Eta biek ere berrikuntzak eraman dituzte Bartzelonara: sakelako telefono berriak Nokiak, eta sistema eragilea Microsoftek. Baina ez espresuki biak nahastuta. Eta hori izan da harritzekoena. Nokia X, Nokia X+, eta Nokia XL sakelakoak eraman ditu azokara konpainia finlandiarrak. Berezitasuna, ordea, sistema eragilean iritsi da, Androidekin funtzionatuko baitute hirurek. Baina Microsoften zerbitzuak ere erabiliko ditu. «Telefono hauekin erabiltzaileek Microsoften hodeira iritsi ahal izango dira, eta ez Googlerenera [Androiden jabea da]», azaldu zuen Stephen Elop zuzendariorde exekutiboak. «Ez da Microsofti egin diogun traizio bat», gaineratu zuen, badaezpada.
Eta Microsoftek, odolkiak ordainetan. Sistema eragile berria eraman du Bartzelonara — Windows Phone—, eta Nokiaren sakelako berrietan txertatuta ekarri beharrean, beste batzuetan aurkeztu zuen. Horrek telefono ekoizleari zuzenean eragin dio, berrikuntzatik kanpo geratu delako. Baita lotsagarri ere. Baina Microsoftentzat onuragarria izan daiteke eragiketa, oraintxe mundu osoko hirugarren sistema eragile bihurtu baita, Blackberryren aurretik. Eta horrela, merkatua zabal dezake aurrerantzean ere, nahiz eta oraindik Android urrun eduki dezakeen.
‘Phablet’ eta gehigarriak
Dena den, sektoreko konpainien arteko batasun eta liskarrak ez dira izan azokako albiste bakarrak. Urte berriari begira sakelako telefonoen munduak izango dituen joerak zeintzuk izango diren jakiteko ere balio baitu Bartzelonako azokak. Eta horien artean, telefono handien itzulera izango da. Urteetan, gero eta sakelako txikiagoak egiteko joera apurtu zuten smartphone-en agerpenak, eta, ordutik, handituz joan dira horien tamainak. Orain, ordea, smartphone eta tableten arteko produktu berriak agertu dira, phablet ere esaten zaienak. Erabilgarritasunean tableten antzekoak dira, apur bat txikiagoak diren arren, baina, horien bidez, telefono deiak egiteko aukera ere ematen dute. Merkatu berri horretan konpainia asiarrak buru-belarri sartu dira, gehien ere han saltzen ari delako. Beraz, ez da harritzekoa bidea ireki duen konpainia Huawei marka txinatarra izatea. Zazpi hazbeteko pantaila duen gailua kaleratu du, eta Bartzelonan begirada ugari bereganatu ditu, oraintxe merkatuko handiena ere badelako, besteak beste.
Edonola ere, ez dirudi formatu hori barra-barra salduko denik, baina telefono ekoizleak badaezpada ere merkatu horretan sartu dira buru-belarri. Besteak beste, Panasonic, Sony, LG, edo Samsungek era horretako gailuak eraman dituzte sakelako telefonoen azokara. Gauzak horrela, phablet-en merkatuan eskaintza zabala topatu ahal izan da aste honetan.
Gero eta handiagoak diren telefonoek, ordea, osagarri gero eta txikiagoak dauzkate ondoan. Alegia, bluetooth bidez smartphone-etara konektatzen diren gailu eramangarrien kasua da hori. Bartzelonako azokan eskumuturrekoak gailendu dira, eta etorkizunerako joera orokor bat ezarri dutela eman dezake. Iraganean, Sonyk eta Samsungek antzeko saioak egin zituzten, baina orain hasi dira indarra hartzen. Eta horien artean, Samsungek azokara eraman duen Gear Fit eskumuturrekoa azpimarratu behar da. 1,84 hazbeteko pantaila duen gailuak ura eta hautsa jasan ditzake, eta kirola egiten dutenentzat pentsatuta dago, batez ere. LGk ere gailu horien aldeko apustua egin du Lifeband eskumuturrekoarekin. Musika hortik kontrolatu ahal izango baita, eta telefono deiak ere hortik kudeatu ahal izango dira.
Telekomunikazioaren sektorean gailu handiago eta txikiagoen arteko lehia dagoela ikusi da aste honetan. Baina, kontrajarriak izan beharrean, bateragarriak izateko asmoarekin.