Aldiz, azken asteetan petrolioaren prezioa merkatu egin da. Uztailaren 14an Brent upelak 144,26 dolar balio bazituen, atzo 117 dolarren bueltan zebilen. Jaitsiera, guztira, %20 ingurukoa izan da, eta merkatze hori ere zertxobait nabaritu da gasolindegietan. Gasolioaren eta gasolinaren prezioa %5 jaitsi dela jakinarazi zuen herenegun Europako Batzordeak. Hala ere, petrolioa baino lau aldiz gutxiago merkatu da erregaia.
Mikel Lasarteko (Gipuzkoa) Repsol gasolindegiko langilearen arabera, hamar bat zentimo jaitsi da erregaiaren prezioa azken hilabetean. Atzo Campsako gasolindegian 1,31 euroan zegoen gasolio litroa. Jaionebertako langilearen arabera, duela hilabete baino merkeago dago; orduan, 1,23 euro balio zituen. Merkatzea batez ere gasolioan nabaritu dela nabarmendu du, gasolinan zentimo batzuk baino ez baitira jaitsi. Batez beste Hego Euskal Herrian 1,195 euro balio zituen atzo 95 berunik gabeko gasolina litroak, eta gasolio litroak, 1,228 euro. Uztailaren 10ean, berriz, 1,26 euro balio zuen Hego Euskal Herrian 95 gasolina litroak, eta 1,373 gasolioarenak.
Hala ere, biltegia betetzera joan den jendeak dioenez, ez dute gehiegi nabaritu aldea. Antiguako Repsol gasolindegiko kontsumitzaile gehienek azaldu dutenez, ez dute «ezer» nabaritu. Batzuek diotenez, ez diote prezioari erreparatzen. Beste batzuek, berriz, oso txikitzat jotzen dute igoera ezertan nabaritzeko. Jonek, Repsol gasolindegiko kontsumitzaile batek, adierazi duenez, upelaren prezioa nabarmenki jaitsi den arren, nabarmentze hori ez da islatu gasolindegietan. Brent upelaren prezioa jaitsiagatik ere, bi edo hiru hilabeteetako denbora tarte bat egoten da erregaietan prezio hori islatu aurretik.
Gasolindegiek ere ez dute gehiegi nabaritu jendea erregaiaren prezioaren arabera gehiago edo gutxiago joan denik gasolindegietara. «Oporren garaia da, turismo asko dago, eta jendeak berdin hornitzen du autoa» dio Campsako Jaionek. Hain zuzen, udako oporraldia garrantzi handiko garaia da gasolindegientzat, «jendeak kanpora irteteko ohitura duelako».
Espekulazioa
Aditu gehienek ekonomia motelaldiari egotzi diote petrolioa merkatzea. Eta Miguel Sebastian Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza ministroaren iritziz, espekulazioa da arrazoi nagusia. Etorkizuneko merkatuan saldu egin daitezke akzioak horien jabe izan gabe, eta erosi egin daitezke denboraldi batean bereganatuko ez diren akzioak. Sebastianek azaldu duenez, burtsetan bankuen akzioak saldu egin dituzten neurrian petrolioarenak erosi egin dituzte. Hau da, inbertsoreek bankuen akzioen jabe izan gabe saldu egin dituzte horiek etorkizunean merkeago erosteko asmoz, eta petrolioaren kasuan, berriz, petrolioaren akzioak erosi dituzte, etorkizunean petrolioa garesti egonda orduan berreskuratzeko asmoz. Eta pentsatu bezala irten zaie jokaldia.
Sebastianek dioenez, uztailaren 15ean SEC AEBetako erakundeak debekatu egin zien inbertsoreei akzioak saltzea, beren jabe ez baziren. Hori ikusirik, bankuen akzioak erosi egin zituzten inbertsoreek petrolioarenak salduta. Egun horretan bertan, sei dolar jaitsi zen petrolio upelaren prezioa. Uztailaren 30ean ere jaitsiera nabarmena izan zuen petrolioak 126 dolarretik 117 dolarrera. Bezperan, SECek debekualdia luzatu egingo zuela jakinarazi zuen, hasierako 14 egunetatik28 egunetara, abuztuaren 12ra hain zuzen.
Upelaren prezioak behera eginagatik jendea ez da oso itxaropentsu ageri petrolioaren etorkizunarekin. Mikel Antiguako Repsoleko kontsumitzaile baten iritziz, petrolioa amaituko den energia iturri bat denez, garestitzen jarraituko du. «Sistema kapitalistak dagoen petrolioa esplotatzen jarraituko du amaitu arte. Hala ere, pentsatzen dut beste aukera batzuetan hasiko zirela pentsatzen».
Petrolioa 200 dolarreraino igoko dela dio Chatam Housek eginiko ikerketa batek
Londresko Royal Institute of International Affairs-ek -Chattam House- petrolio upelaren prezioa 200 dolarreraino igoko dela iragarri du. Ikerketak dioenez, munduak hemendik bost edo hamar urtera petrolio hornikuntza krisi indartsu bat izango du. Paul Stevens ikerketaren egilearen arabera, horren arrazoia da hornikuntza berrietan eginiko inbertsioa oso txikia izatea, eta, aurrera begira ere, hala izango dela uste du. Beste arrazoietako bat «bitartekoen nazionalizazioa» dela adierazi du.Krisi hori saihesteko ikerketak hainbat neurri proposatu ditu: ekoizleei euren errekurtsoak hobeto kudeatzen laguntzea, burujabeak diren funtsak hobeto zaintzea, eta Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA) barruan sartzea Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundea (LPEE).