Merkealdiak amaituta, prezioak nabarmen gora

Hegoaldeko lau herrialdeetan %0,3 eta %0,6 bitartean igo da inflazioa

Erredakzioa
2003ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Merkealdien eragina amaituta, Hego Euskal Herriko Kontsumo Prezioen Indizeek (KPI) gora egin zuten abuztuan, INE Espainiako Estatistika Erakundeak atzo aditzera eman zuenez.

Araban, KPIk bost hamarreneko hazkundea izan zuen eta 2003an, jada, prezioak %1 garestitu dira. Eta hala, urtearteko KPIa %2,9 hazi zen Araban.

Bizkaiak, aldiz, prezioen hazkunderik nabarmenena jasan zuen abuztuan KPI sei hamarren igo baitzen. Urtebeteko inflazioa %2,7koa izan zen eta urtarriletik prezioak %1,1 hazi dira.

Gipuzkoari dagokionez, KPI bost hamarren hazi zen eta urtearteko inflazioa %2,5ean kokatu zen. Prezioak %1,3an hazi dira urtea hasi zenetik. Nafarroan, berriz, KPI hiru hamarren hazi zen eta ondorioz, urtearteko datua %3,1koa da.2003an, dagoeneko, KPI %1,3 hazi da.

Datuaren balorazio ezkorra egin zuten atzo sindikatuek. Espainiako Gobernuak 2003an prezioak %2 haziko diren iragarpena ez duela beteko adierazi zuten LABek eta ELAk. Gainera, Espainiako Gobernuak KPI langabeziako, erretiro pentsioetako eta beste prestazioetarako gizarte gastua mantentzeko erabiltzen duela salatu zuen LABek.

Era berean, KPIren hazkundeak baliabide gutxien dituztenak kaltetuko dituela esan zuen ELAk. CCOOek, ostera, datua txartzat jo zuen eta aurrekontuak ez daitezela erabili PFEZ murrizteko eta zero defizit->eko politika ezartzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. KPIren hazkundea erabat arrazoigabea, gehiegizkoa eta kezkagarria dela adierazi zuen Javier Bermejo UGTko kideak.

Jose Guillermo Zubia Confebaskeko idazkari nagusiak Espainiako liberalizazio prozesuei egotzi zien inflazioaren hazkundea. Hala ere, EAEko ekonomia ez dagoela egoera txarrean adierazi zuen Zubiak. Alabaina, Europako Batasuneko ekonomia egoera kezkagarrian dagoela gaineratu zuen Jose Guillermo Zubia Confebaskeko buruak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.