Bilboko dendetan, iazko merkealdian baino gehiago saldu dute. %10 eta %20 arteko igoera izan dute salmentek Bizkaiko hiriburuetako saltokietan. Nolanahi ere, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak eta Bilbao Centro elkarteak esan dute martxotik irailera arteko denboraldia "txarra" izan dela.
Uda aurreko sasoia izan zen "oso txarra" dendentzat. Krisi ekonomikoak eta kontsumoaren jaitsierak ez ezik, udaberriko eguraldi txarrak ere mesederik ez zietela egin nabarmendu dute. Zenbait dendak %30 gutxiago saldu zuten udaberrian.
Hala ere, udazken eta negurako itxaropentsu agertu dira; herritarrek dirua kontu handiagoarekin gastatu arren "mugimendu gehiago" igarri baitute azken hilabeteetan: "Ekonomia egonkortzean egonkortuko da kontsumoa ere".
Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak, berriz, Gipuzkoako merkealdiari buruzko lehen balorazio bat egin du. Elkartearen arabera, Donostiako eta kostaldeko herrietako saltokiek emaitza onak lortu dituzte udan, baina barrualdekoek ez dute espero adina saldu. Sektorea egoera zailean dagoela nabarmendu dute, eta erakundeei dei egin die kontsumoa bultzatzeko neurriak hartzera. "Kontsumoaren joera aldatzen ez bada, denden itxierak ikusten jarraituko dugu".