Lau probintzietan jaitsi dira salneurriak otsailean; gehien, ordea, Bizkaian: %0,4. Nafarroan %0,3 merkatu dira, eta Araban eta Gipuzkoan, %0,2. Merkealdiaren eragina urte hasieratik hona pilatutako inflazioan ere igartzen da. 2010eko lehen bi hilabeteetan %1,5 merkatu dira prezioak.Nolanahi ere, aurtengo eta iazko otsaileko datuak konparatuz gero, guztietan garestitu dira salneurriak: %0,8 Bizkaian eta Araban, %0,7 Gipuzkoan eta %0,6 Nafarroan.
Produktuka, arropa eta oinetakoez gain, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak eta aisialdia eta kultura ere merkatu dira. Gehien garestitu diren gauzen artean, edari alkoholdunak eta tabakoa daude, %1,5 urtarriletik otsailera bitartean. Aipagarria da urtebetean tabakoak izandako gorakada. Iazko otsailean baino %17,6 gehiago balio du.
UGTren eskaera
KPIaren datuen berri izan ostean,soldatetan erosteko ahalmena bermatu behar dela esan du Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko ekintza sindikaleko arduradunak. Haren arabera, beharrezkoa da langileei konfiantza sorraraztea, horrek bultzatzen dituelako kontsumitzera. Gaineratu du kontsumo horrek laguntzen diela enpresen inbertsioei eta lanpostuen sorrerari.