ekonomia

Merkelek eta Sarkozyk Europako itun berria azkar onartu nahi dute

Alemaniako kantzilerra eta Frantziako presidentea Parisen bildu dira, eta ez dute beharrezko ikusten hasieratik egotea EBko 27 herrialdeak. Besteak beste, defizitaren muga gainditzen duten herrialdeei zigor automatikoak ezarri nahi dizkiete eta eurobonuak ez dira ”krisiaren irtenbidea” izango. EBko agintarien batzarra ostiralean izango da.

2011ko abenduaren 5a
17:03
Entzun

"Europak bere akatsetatik ikasi" behar duela esan du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak gaur Parisen, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin bilera egin ondoren, eta biek Europarako itun berri baterako proposamenak plazaratu dituzte. Azkar onartzeko asmoz.

Gainera, haien arabera, hasieran ez dute EBko 27 herrialdeek zertan sartu itun berrian. Euroguneko hamazazpiak sartzeari balekoa emango liokete Frantziak eta Alemaniak.

Besteak beste, Merkelek eta Sarkozyk defizitaren muga gainditzen duten herrialdeei zigor automatikoak ezarri nahi dizkiete, zigorrak bertan behera utzi ahal izango dira herrialdeen %85en babesa izanez gero, eta eurobonuak ez dira ”krisiaren irtenbidea” izango. "Europa aldatzeko erabat jarri gara ados", azpimarratu du frantziar buruzagiak.

Ostiralean eztabaidatuko dituzte EB Europa Batasuneko agintariek Merkelek eta Sarkozyk proposatukoak, eta, bion indarra ikusita —eta nazioarteko beste agintarien eta merkatuen presioa ikusita—, zaila izango dute ez onartzea. Alemaniako eta Frantziako buruak azkar onartu nahi dituzte. "Ez daukagu denborarik, premiazkoa da”, adierazi du Sarkozyk. Merkelek martxoa aipatu du. 

Sarkozyk lehengo astean zioenez, "Europako Batasuna birsortzeko proposamenak" egingo dituzte. "Diziplina, elkartasuna eta erantzukizuna" izango dira oinarriak. Diziplina, herrialde guztiak behartuta izango direlako beren kontu publikoak defizit muga baten azpitik mantentzera; elkartasuna, arazoak dituenari laguntzeko prozedurak finkatuko dituztelako; eta erantzukizuna, mugak errespetatzen ez dituena automatikoki zigortzeko prozedurak ezarriko direlako.

Duela hiru urte "kapitalismoa aldatu beharraz" hitz egiteko aukeratutako Toulon hiria hautatu zuen ostegunean Frantziako presidenteak EBren aldaketa eskatzeko. "Zer gertatuko da Europaz euroa desagertzen bada? Ezer ez. Euroa defendatzea Europa defendatzea da", esan zuen. Frantziarrei agindu zien ez dutela subiranotasun gehiago galduko, eta horretarako bidea EBren gidaritza gobernuen esku uztea dela aldarrikatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.