Klima larrialdia

Merkelek ziurtatu du kontuen orekari eutsiz gutxitu nahi dituela CO2 emisioak

54.000 milioi euroko plan bat iragarri du Alemaniako Gobernuak. Besteak beste, tasa bat ezarriko diete isuriei.

Olaf Scholz Alemaniko Finantza ministroa eta Angela Merkel kantzillerra, gaur, CO2 isuriak murrizteko plana aurkezten. ALEXANDER BECHER / EFE
Hodei Iruretagoiena
2019ko irailaren 20a
18:17
Entzun

"Ezin da ekintza klimatikorik eduki kosturik gabe. Eta honek, aurrekontu federalari ez ezik, herritar arruntei ere eragiten die". Olaf Scholz Alemaniako Finantza ministroaren hitzek ondo laburbiltzen dute Angela Merkelen gobernuaren erronka: C02 emisioak murrizteko helburua bete nahi du 2030erako —2010ean bete zuten, baina datorren urtean ez dira iritsiko—, baina aurrekontuen oreka mantenduz. Hala ziurtatu du, behintzat, Alemaniako kantzillerak. Atzeraldiaren mamua gainean du, ordea, eta 54.000 milioi euroko plana da gaur aurkeztutakoa.

CO2 emisioak murrizteko 70 neurri proposatu ditu Merkelen gobernuak, hamar urterako. %55 murriztu nahi dituzte isuriak —1990eko datuekiko— 2030erako, 0,6 bilioi tona baino gutxiago isurtzeko. Karbono emisioei tasa bat jartzea izango da neurri nagusietako bat: tonako 10 eurokoa izango da 2021ean, eta 35 eurokoa 2025erako. Emisio eskubideen merkatu bat sortuko dute urte horretan. Horrek erregaien prezioa garestitzea eragingo du, baina zergak arinduko dizkiete lanera joateko autoa darabiltenei.

Gainera, zergak igoko dizkiete auto konbentzionalei, eta laguntzak jarriko dituzte 40.000 euro baino gutxiago balio duten auto elektrikoak erosteko. Hegazkin bidaien prezioa igo nahi dute, zerga bidez, eta trenez egindakoena jaitsi; %19tik %7ra jaitsiko diote BEZa. Deutsche Bahn tren enpresak 1.000 milioi euro gehiago jasoko ditu urtero, azpiegiturak indartzeko —estatua da DBko akziodun nagusia—. Laguntzak eta kenkariak ere emango dituzte etxebizitzak berritzeko, energetikoki efizienteagoak izateko. Ikatzetik eratorritako erregaiak darabiltzaten berogailuak saltzea debekatuko dute 2026an. Bonu berdeak deitutakoak —emisioak murrizteko maileguak— emateko aukera ere aipatu dute, baina atzera bota dute azkenean.

"Gauzagarri dena" hobetsi dute

"Orain ez gara jasangarriak", aitortu du Merkelek gaur, gobernu bileraren ondorengo agerraldian. Izan ere, ez dute beteko 2020rako jarritako xedea, eta neurri sendoak hartu beharra daukate egoerari buelta emateko. Askorentzat "nahikoak" ez direla jakitun, "gauzagarri dena gauzatzea" hobetsi dutela azaldu du Alemaniako kantzillerrak.

54.000 milioi euroko plan hori aurrekontuen orekari eutsiz gauzatu nahi dutela ziurtatu du Merkelek. Azken hamar urteotan, izan ere, Alemaniak zorrotz kontrolatu du defizita: 2012an orekatu zituen lehen aldiz bere kontuak, eta 2014tik hona superabitarekin itxi ditu. Politika horrek eragina izan du EBko gainerako herrialdeetan, eta gobernuari eustea ahalbidetu dio Merkeli. Iragarritako inbertsioa ez da, ordea, txikikeria. Posible al da halako erronka bati aurre egitea, kontu publikoetan defizitik izan gabe? Noren kontura? Erregaien zergak igotzea izan zen Emmanuel Macron Frantziako lehen ministroaren apustua, baina atzera egin behar izan zuen.

NBEren gailurraren atarian

Hamasei orduko negoziazioen ostean lortu dute akordioa CDUko kristau-demokratek eta eta SPDko sozialdemokratek. Dena den, proposamena ez dute edozein unetan egin: Fridays For Future mugimenduak mundu mailako protesta asteari ekin dion egun berean aurkeztu dute. NBEk, gainera, klimari buruzko gailurra egingo du astelehenean, New Yorken, 2015eko Parisko Akordioa gauzatzeko neurriak zehazteko. AEBak atera egin ziren akordio horretatik duela bi urte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.