Merkelentzako argazkia

Espainiako Gobernuak, sindikatuek eta patronalak pentsioen erreformaren akordioa sinatu dute

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Zapaterok harro-harro, etxeko lanak egin dituen ikaslearen konfiantzarekin, erakutsiko dizkio atzoko argazkia eta gaurko egunkarietako azalak Angela Merkel Alemaniako kantzillerrari, Madrilen egingo duten goi bileran. Patronalarekin eta sindikatuekin pentsioen erreforma hitzartu du, eta datozen asteetan negoziazio kolektiboa aldatzeko irizpideak zehaztu ditu.

Pentsioen erreforma orain, eta lan erreforma lehen, biak Europari eta merkatuei begira egin baititu batez ere, krisiaren eta defizitaren aitzakian. Haiek eskatuta eta haiek eskatu bezala, funtsean. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Alemaniako hiru egunkariri emandako elkarrizketan onartu du «merkatuen eromenak» bultzatuta egin behar izan dituela dirua aurrezteko «muturreko politika» eta erreformak. Pentsioen erreformaren kasuan, gainera, sindikatuen babesarekin, Greziako eta Frantziako istilurik eta greba orokorrik gabe.

Zapaterok Merkelen babesa jasoko du gaur. Europako periferiako herrialdeak gehien kritikatu dituen agintariarena eta herrialde horiei laguntza emateko errezelo gehien izan duenarena.Zapaterok Merkelen zartakoak jaso izan ditu lehen; esku-zartak jasoko ditu gaur.

Akordio soziala eta ekonomikoa. Hazteko, enplegua sortzeko eta pentsioak bermatzeko. Lelo hori aukeratu zuten atzoko hotsandiko ekitaldirako. Adierazgarria, langabezia datu lazgarriak jakin ziren egunean: 4.231.003 lagun zeuden urtarrilean izena emanda enplegu zerbitzu publikoetan, abenduan baino %3,2 gehiago, 1996an serie historikoa hasi zenetik kopuru handiena. Euroguneko hiru langabetik ia bat.

Sindikatuak bazkarian

Zapaterok sindikatuen eta patronalaren laguntza izango du erreforma Merkeli saltzeko, besteetan ez bezala, sindikatuetako eta patronaleko ordezkariak ere egongo baitira bi herrialdeetako ordezkarien bazkari ofizialean.

Espainiako Gobernuak ekitaldi berezia prestatu zuen akordioari etekin mediatikoa ateratzeko. Argazkia lortzeko. Bai batzuek zein besteek akordioaren eta prozesuaren onurak nabarmendu zituzten. Zapaterok «talde lana» eta sindikatuen eta patronalaren jarrera goraipatu zituen. Elkarrizketa soziala «funtsezkoa» dela esan zuen. Erabilgarria dela, atzo bezala, «erreformak hitzartzen direnean». Lan erreforma zuen buruan, bakarrik eta dekretu bidez onartu baitzuen.

Baina Espainia baino gehiago merkatuak izan zituen gogoan: «Hemen egiten ari garenak seriotasun eta eragin handia du gure ekonomiarentzat. Lasaitasuna eta segurtasuna emango du. Pentsioei buruzko akordioaz haratago doazen mezuak bidaltzen ari gara». Neurri batean, lortu du. Merkel baretzeaz gain, merkatuak ere baretu ditu. Espainiako zorraren arrisku saria 180 puntutik behera jaitsi zen atzo, iazko azaroko zenbakietara.

Candido Mendez UGTko idazkari nagusiarentzat eta Ignacio Fernandez Toxo CCOOkoarentzat, sindikatuek lortu dute Espainiako Gobernuaren hasierako jarrera «nabarmen aldatzea», samurtzea. Alegia, langile guztiei erretiro adina 67 urtera atzeratu beharrean, salbuespenak izatea.

Funtsean, azken emaitza guztien ekarpenen eta ahaleginen bilduma dela agerian utzi nahi izan zuten atzo. Guztien garaipena. Baina atzera egin eta negoziazio prozesua aztertuz gero, emaitza aldez aurretik ezarrita eduki duen negoziazioa izan da. Erlojupekoa, korrika eta presaka egina, gainera, Zapaterok amaiera eguna jarri baitzuen: urtarrilaren 28a. Baldintza desegokiak, atzo nabarmendu zuten moduan, pentsioen erreforma handiena egiteko.

Espainiako Gobernuko presidenteak hasieratik argi eta garbi utzi zuen erreforma egin egingo zuela, sindikatuen eta patronalaren babesarekin edo gabe. Oinarriak aldez aurretik ezarrita, gobernuak utzi diena negoziatu dute, ez nahi zutena.

Grebaren eragina

CCOOren eta UGTren esanetan, iazko irailaren 29ko greba orokorrari esker lortu dituzte aldaketak; haien iritziz, Zapatero bigarren greba orokor baten beldur zelako. Baina lehenengoaren emaitzak ikusita, sindikatuek negoziazioak hasi bezain pronto egin zioten uko grebaren aukerari, eta ez dute gogo handirik erakutsi mobilizazioetarako. Aipatu dutenetan ere min egiteko asmorik gabe egin dute. Orain lanak izango dituzte beren afiliatuei akordioaren onurak azaltzen.

Langileak beranduago eta pentsio txikiagoarekin erretiratuko baitira. 65 urterekin eta pentsio osoarekin erretiratzeko 26,5 urterekin hasi behar da lanean; 67 urterekin erretiratzeko, berriz, 30ekin. Baldintza oso zailak, 25 urtetik beherako gazteen %42 langabezian dauden eta behin-behineko kontratuak nagusi diren herrialde batean.

Hurrengo urratsa negoziazio kolektiboaren erreforma izango da. Zapaterok epea jarri dio: martxoaren 18a. Sindikatuak eta patronala bidelagun izango ditu, eta argazkian ere azalduko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.