Negoziazio kolektiboa bultzada esanguratsua izaten ari da azken asteetan, eta, blokeo egoerak bere horretan jarraitzen duen arren, zerbait aldatzen ari dela esatea ez da okerra. Bizkaian, 9.400 langilek beren baldintzak arautuko dizkien hitzarmena dute gaurdanik. ELA sindikatuak eta CECOBI patronalak metalaren komertzioaren ituna sinatu dute 8.500 langilerentzat. ELAk ordezkaritza sindikalaren gehiengo absolutua dauka sektorean, eta bere kabuz sinatu du patronalarekin. Altzarien komertzioaren akordioa ere egin du, eta itun horrek beste 900 langileren baldintzak arautuko ditu.
2009-2019ko iraupena dauka sinatu berritu duten akordio handiak, eta mugagabeko ultraaktibitatea. 2009tik 2014rako tartean, urtero %0,10eko igoera jasoko dute langileek; 2015ean, %0,5; eta 2016an, %1. 2017. urterako, berriz, %2,2ko igoera itundu dute aldeek, eta 2018rako, %3,7. Akordioak arautzen duen azken urtean, %1,75eko soldata igoera egongo da, KPIa bermaturik dagoela. Horrez gain, Orpriceren mekanismoaren aurkako blindatzea jaso du itunak.
2008ko soldata izoztuak
Altzariaren komertzioari dagokionez, 2009tik 2016rako tartean, %0,10eko igoera egongo da, urtero; 2017rako %1,44koa; 2018rako, %0,99koa; eta 2019rako, KPIaren %90a. Alegia, aurten KPIaren azpiko igoera izango dute, eta 2019an ere bai. Baina antzinatasunari eutsi zaio.
Bestalde, atzerapenak ez pagatzeko aukera izango dute bi urtez jarraian galerak pilatu dituzten enpresek; era berean, diru sarrerak txikitu badira edota lantaldea txikitu bada, enpresak atzerapenak ez ditu zertan pagatuko. Baina hori gertatzen bada, lantaldeak ordainketa berezi bat jasoko du; fidelizazio ordainketa esan diote. 2008ko soldata baten %85 izango da kopuru hori.
ELA gustura azaldu da akordioarekin, 2009tik erorita zeuden itun kolektibo bi berreskuratu direlako. "Enpresen gehiengoa ez zen ordainketak aurreratzen ari, eta langile gehienek 2008ko soldatak jasotzen ari ziren".