Metalean eskubide guztiak mantentzea garaipentzat jo dute ELAk eta LABek

Akordioa kritikatu arren, hitzarmena sinatuko du UGTk ere, «langileekiko arduraz jokatzeagatik»

Miren Garate.
Donostia
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Irribarretsu eta elkarri txantxak eginez. Pozik agertu dira ELA eta LABeko ordezkariak Gipuzkoako metalerako lortutako lan hitzarmenarekin. Lehendik zituzten eskubide «guztiak» mantentzeaz gain, hobekuntza batzuk ere lortu dituztela nabarmendu dute: KPI adinako soldata igoera eta oporretarako eskubidea, baldin eta tarte horretan gaixoaldian egonez gero.

Mugarritzat jo du hitzarmena Adegik, lehen aldiz antolaketarako barne malgutasuna kontzeptua ageri delako, besteak besta. Garrantzia kendu diote sindikatuek, besteak beste, atarikoan ageri delako eta ez gainerako artikuluen artean. «Atarikoan ageri den esaldi bat mugarri historikotzat hartu dute. Asko esaten du horrek patronalak hitzarmen honetan lortutakoari buruz», adierazi dute.

Erasokor aritu arren, patronalaren eskaera guztiak atzera bota dituztela azaldu du Unai Martinez ELAko metaleko arduradunak. «Ultraaktibitatea kendu behar zela esanez hasi zen, ultraaktibitatea duen hitzarmena sinatu du; lanaldia 120 ordu igo behar zela zioen, minutu bat ere igo gabe onartu du; soldata izoztea eta antzinatasuna kentzea nahi zuen, KPIa igo du; kaleratze ahalik eta merkeena nahi zuen, 50. artikulua ez da aldatu; malgutasun handiagoko hitzarmenak bakarrik sinatuko zituela esan zuen, ez du lortu».

Bi sindikatuen arabera, langileen borrokari esker lortu dute lan hitzarmena. «Greba deialdiekin jarraitu bitartean ez zuela negoziatuko esan zuen, baina grebei esker negoziatu du», azaldu dute.

CCOO, langileen iritzien zain

UGTren eta CCOOren aurka ere hitz egin dute. «Patronalaren aliatuak izan dira». Bi sindikatu horiek gutxitxo iritzi diote lortutako akordioari. Hala eta guztiz ere, UGTk sinatu egingo duela iragarri du, «langileekiko arduraz jokatzeagatik». Soldata arloan bakarrik lortu direla hobekuntzak nabarmendu du, eta egindako zazpi grebak ez zirela beharrezkoak gaineratu du.

CCOO lantokietan jasotako iritzien arabera erabakiko du babesa eman edo ez. Hark ere gogor salatu du ELA, LAB eta Adegiren arteko akordioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.