Metalean, zazpi greba egunetatik lehena dute gaur

Adegiren jarrera gaitzetsi eta lan itun duin bat eskatuko dute Eibarko eta Tolosako manifestazioetan

Donostia
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gipuzkoako metalgintza sektoreko langileak grebara deituta daude gaurko. ELAk eta LABek datozen asteetarako antolatutako zazpi greba egunetatik lehenengoa izango da, baina uda aurretik beste lau ere egin zituzten. Adegi patronalaren jarrera gaitzetsi eta lan hitzarmen duin bat eskatzeko manifestazioak egingo dituzte Eibarren eta Tolosan.

ELAk eta LABek ezinbestekotzat jotzen dute itun berria aurrekoaren gainean negoziatzea. Baina Adegik hutsetik hasi nahi duela diote. «Patronalaren jarrera, elkarrizketari bide oro itxita, aspaldian ikusi gabeko gatazka batera eramaten ari da sektorea». Sindikatuen esanetan, langileek hitzarmenaren aldeko apustu garbia eta sendoa egin dute, eta prest daude haren alde borroka egiteko.

ELAk eta LABek bederatzi greba egun antolatu zituzten aurrena. Baina, lehenengo biak, irailaren 27rako eta 28rako deituak, bertan behera lagatzea erabaki zuten, «negoziazio bide guztiak agortzeko» helburuarekin. «Lehen bi greba egunak ezeztatu eta negoziazio mahaira deitu genuen, bainaAdegi ez zen agertu. Nork nahi du greba? Adegi da grebaren erantzule, eta berari dagokio negoziaziora itzultzeko erantzukizuna». Horiek horrela, gainerako zazpi greba egunei eustea erabaki zuten: gaur, bihar eta etzi izango dira lehenenego hirurak; hurrengo lauak, berriz, azaroaren 2an, 3an, 4an eta 5ean.

Adegik oso bestelako iritzia du, ordea. Hitzarmenaren aldeko aukera egin duela dio, baina ez dagoela prest negoziatzen hasi aurretik ELAk eta LABek deitutako greba bat onartzeko. «Langileek jakin behar dute Adegi itunaren alde dagoela baina grebarekin xantaia egiten ari diren bitartean ez garela negoziazio mahaian eseriko».

Grebak oihartzun zabala izango duela uste dute antolatzaileek. Hainbat enpresatan joan den astean egin zituzten deialdiarekin bat egin ala ez erabakitzeko eztabaidak. Eta, ELAk eta LABek jakinarazi dutenez, enpresa handi askok baiezkoa erabaki dute. Beasaingo eta Irungo CAF, Indar, Grupo Elay, Lazpiur, TS Fundiciones, Niessen, Guascor eta Thyssenkrupp dira horietako batzuk.



Mobilizazioak

Gaur: manifestazioak egingo dituzte, 11:30ean, Eibarko Unzaga plazatik eta Tolosako Triangelu plazatik abiatuta.

Bihar: manifestazioak egingo dituzte, 11:30ean, Beasaingo tren geltokitik eta Hernaniko Karabelgo biribilgunetik hasita.

Etzi: manifestazioa egingo dute, 11:30ean, Donostiako Bulebarretik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.