Metaleko lehen greba, «arrakasta» eta «porrota»

Langileek jasan duten presioa salatu du ELAk; gaurko eta biharko ere lanuztera deituta daude metaleko langileak

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Gipuzkoako metalgintza sektorean, lan itunaren alde ELAk eta LABek deituriko zazpi greba egunetatik lehenengoa izan zuten atzo. Horrelakoetan gertatu ohi den gisara, sindikatuek arrakastatzat jo zutena porrota izan zen patronalarentzat. ELAk eta LABek jarraipen zabala izan zuela esan dute; Adegik, berriz, langileen %85 lanera joan zela. Gaur eta biharko ere lanuztera deituta daude metaleko langileak. Hurrengo greba egunak azaroaren 2a, 3a, 4a eta 5a izango dira.

«Sindikatuen helburua sektorea geldiaraztea bazen, Gipuzkoako metaleko enpresetan egin dugun galdeketak ageriko utzi du porrota». Hala jakinarazi du Adegik, prentsa ohar batean. Aurreko deialdietan greba egin zutenetako asko atzo lanera joan zirela ziurtatu du patronalak. Aurrekoetan greba egindako 50etik gora langileko 41 enpresatan, atzo ez ei zuen inolako eraginik izan grebak, edo izatekotan oso txikia. Gauza bera gertatu zela dio enpresa txiki eta ertainetan ere; horiek dira Gipuzkoako enpresen %94.

Adegiren irudiko, «langileek ulertzen dute negoziazioaren gune naturala ez dela kalea, ez direla manifestazioak, pankartak eta greba, baizik eta negoziazio mahaia dela». Grebaren emaitzak hori erakusten duela dio, eta bera ere horren aldekoa dela. Negoziazioa LABek proposatutakobaldintzetan hastea onartu zuela ere adierazi du, baina sindikatuei ez zitzaiela nahikoa iruditu.

Oso bestelako iritzia dute sindikatuek.ELAk prentsa ohar batean jakinarazi duenez, sektorearen gehiengoak egin zuen greba, enpresa asko eta garrantzitsuak gelditu ziren eta milaka lagunek parte hartu zuten Tolosan, Eibarren, Azpeitian eta Errenterian egin zituzten manifestazioetan. Enpresaburuen jarrera salatu dute, gainera, azken asteetan langileei «mehatxu» egin dietelako grebarik egin ez zezaten. «Jarrera horrek greba eskubidea galarazita zegoen garaiak gogorarazten dizkigu».

Grebak izan duen arrakastaren aurrean begiak ez ixteko eta negoziazio mahaian esertzeko eskatu dio Jose Luis Vidal ELAko Gipuzkoako metaleko arduradunak Adegiri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.