Iraulitako mundua dirudi. Lapurrak seinalatu eta, eurak ikertzen hasi beharrean, Poliziak behatza luzatu duena atxilotu du; mezularia bihurtu du gaizkile. Grezian gertatu da: Kostas Vexavanis kazetariak ustez iruzur fiskala egin duten 2.059 lagunen zerrenda argitaratu zuen berak zuzentzen duen Hotdoc aldizkarian zapatuan (pisu handiko politikariak tartean), biharamunean Atenasko lagun baten etxean atxilo hartu zuen Greziako Poliziak datu pertsonalen gaineko legea urratu zuela leporatuta, eta atzo deklaratu zuen epailearen aurrean. Etzi hasiko da haren kontrako epaiketa, eta hiru urteko kartzela zigorra jaso dezake. «Fiskaltzak iruzurgile fiskalak babestu nahi ditu. Ni neure eginbeharra betetzen ari naiz», azaldu du kazetariak.
Fiskaltzak zapatuan eman zuen Vaxevanis atxilotzeko agindua, eta hark berehala erantzun zuen Twitterreko kontutik, baita atxiloketa zuzenean kontatu ere. «Legea urratzen duten lapurrak eta ministroak atxilotu beharrean, egia eta prentsa askatasuna atxilotu nahi dituzte». Etxeko helbidea ere jarri zuen sarean, Poliziak aurki zezan. Domeka goizaldean harrapatu zuten, eta minutu batzuk lehenago hauxe idatzi zuen bere kontuan: «Nire etxera sartzen ari dira fiskalarekin. Oraintxe atxilotuko naute. Zabaldu mezua».
Aski ezaguna da Vexavanis Grezian, batez ere Vatopedi auzia argitu izanagatik —azken bost urteetan Grezian izandako ustelkeria eskandalu handienetakoa—, eta haren kontrako auzibideak haserrea eragin du neurritasunak itotako gizartean. Atzo bertan, ustezko 2.059 iruzurgile fiskalen izenak argitaratu zituen berriro Ta Nea egunkariak hamar orrialdetan. Lagarderen zerrenda izenez da ezaguna Suitzako bankuetan kontuak dituzten ustezko iruzurgileen zerrenda. Izan ere, Christine Lagarde egungo NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak 2010eko udazkenean bidali zion zerrenda hori Greziako Gobernuari —lehen erreskatetik sei hilabetera—, artean Lagarde Frantziako Finantza ministroa zela. Suitzako HSBC bankuetan kontuak zituzten 2.059 greziarren datuak ziren, Atenasek haien balizko iruzur fiskala iker zezan.
Baina bi urtean inork ez du ezer ikertu. Zerrenda hura aldendu egin zela diote batzuek, legez kanpo eskuratuta zegoela besteek. Galdu egin zela aitortu zuen Georgios Papakonstantinu Finantza ministro ohi sozialdemokratak; Evangelos Venizelos Finantza ministro ohi eta Pasok alderdi sozialdemokratako zerrendaren legez kanpokotasuna aipatu izan du, urriaren hasieran zerrendaren kopia bat aurkeztu bazien ere iruzur fiskalaren ikertzaileei; Georgios Mavraganis Finantza ministrordearentzat, berriz, «espioitza industriala» dago zerrendaren atzean, eta, beraz, ezin da erabili iruzur fiskalaren kontra. Jannis Sturnaras Finantza ministroak argitu du zerrenda berriz bidaltzeko eskatu diola Frantziari.
Bi ministro, aholkulari bat
Baina nortzuk daude zerrendan? Negozio gizon eta emakumeak,abokatuak, medikuak, kazetariak, ministro ohiak eta baita hainbat enpresariren bikotekideak ere. Izen sonatuenak, ND Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko ministro ohi bi —bat hilda dago—, eta Antoni Samaras egungo lehen ministro kontserbadorean aholkulari bat.
Georgios Vulgarakis ministro ohiak berehala ukatu du iruzurrik egin izana. Haren esanetan, Hotdoc aldizkariak argitaratutako zerrenda «desinformazioa» eta «difamazioa» baino ez da. «Ez nik ez nire emazteak ez daukagu konturik atzerriko bankuetan». Ta Nea egunkariaren arabera, zerrendan agertzen diren lagunek 2007ra arte egindako iruzurra 2.000 milioira iristen da.
Albisteak sutu egin ditu Greziako herritarrak, hain zuzen ere Atenasek troikak eskatutako 13.500 milioi euroko beste murrizketa bat onartu behar duen astean. Bost urtez gerrikoa estutu eta estutu ari diren bitartean beste batzuek dirua lapurtu dutela jakin dutelako; eta txarragoa dena, horren jakitun izanda, gobernuak ez duela ezer egin jakin dutelako. Izan ere, alde batetik, Georgios Papandreu sozialdemokrataren gobernuaren lelo nagusia izan zen iruzur fiskalaren kontrako egitea, eta, bestetik, Greziari dirua laga dioten troikako kideek (Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta NDFak) iruzurra borrokatzea exijitu izan diote Atenasi. Zerrenda argitaratu izanak agerian laga du ez gobernuak ez troikak ez dutela euren agindurik bete. Eskandaluak, gainera, indar handiagoa hartu du Lagarde delako gaur egun NDFeko zuzendaria.
Haserre horrek ikusmin handia piztu zuen atzo Atenasko epaitegi inguruan. Domekan atxilotu eta domekan bertan askatu zutenVaxevanis, baina epailearen aurrera joan behar izan zuen atzoeguerdian. «Gaurkoa ez da Hotdoc-en kontrako epaiketa, Greziako prentsa askatasuna eta egia ari dira epaitzen», salatu zuen kazetariak auzitegi aurrean. «Kazetari batek egin behar duena baino ez dut egin. Ezkutatzen ari diren egia azaleratu. Justiziaren aurrean kontuak argitu behar dituen norbait badago, horiek zerrenda ezkutatu, galdu eta existitzen ez zela esan duten ministroak dira». Azaldu duenez, izenik bako gutun-azal batean jaso zuen zerrenda, eta igorleak azaldu zion politikari batengandik jaso zuela.
Falciani aurrekaria
Lagarderen zerrendak, nolanahi ere, istorio luzea du atzean. 2006ko urrian hasi zen dena, Genevako HSBC bankuaren egoitzan. Herve Falcani 34 urteko ingeniari informatikoak bertan egiten zuen lan, eta bankuko milaka bezeroren fitxategiak bereganatu zituen: dozenaka herrialdetan egindako iruzur fiskalaren dirutzak eta frogak. Lagarderen zerrenda Falcianiren altxorraren zati bat baino ez da, Greziako iruzur fiskalari dagokiona.
Sei urte geroago, joan den uztailaren 1ean atxilotu zuten Falciani itsasontziz Bartzelonako portura iristean. Suitzak hura atxilotzeko nazioarteko agindua emana zuen, eta Espainiako Poliziak atxilotu egin zuen. Kartzelan dago orain, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki behar du Falciani Suitzara estraditatu ala ez, bertan epaitu dezaten. Deigarriena da Espainian ez dagoela delitu hori; aitzitik, diru zuriketa oro salatzera behartzen du legeak. Gainera, Falcianiren informazioari esker milaka iruzurgile aurkitu ahal izan dituzte Europa osoan, eta 10.000 milioi euro inguru berreskuratu ahal izan dituzte gobernuek, tartean Espainiak (6.000 milioi euro).
Mezularia gaizkile
Greziak etzi hasiko du Kostas Vexavanis kazetariaren kontrako epaiketa, ustezko iruzurgile fiskalen izenak argitaratzeagatikSuitzako bankuetan kontuak dituzten 2.059 greziar biltzen ditu 'Lagarderen zerrenda'-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu