Krisialdiak lantegietako ekoizpena gutxitu izanari erantzuteko, enpresa gehienek irtenbide bakarra proposatzen dute: malgutasuna. Horixe bera eskatu die Michelin enpresak Euskal Herrian eta Espainian dituen lantegietako ordezkari sindikalei. Eskatu ez ezik, lortu ere egin zuen atzo Valladoliden (Gaztela eta Leon, Espainia) izandako bileran. CCOO, UGT, CSI eta USOrekin adostutakoaren arabera, Gasteiz eta Lasarteko beharginak 30 egun etxera bidali ahal izango ditu enpresak 2009an. Kobratuko dituzten arren, datozen lau urteetan berreskuratu beharko dituzte.
Lanpostuei eusteko neurri gisa aurkezten badute ere, LABek akordioaren kontrako jarrera azaldu zuen atzo, «lan harremanen esparruaren barneko salbuespen egoera» ezartzen duelako. Hitzartutako neurriarekin, sindikatuaren ustez, lan egutegietan «erabateko malgutasuna» nahi du Michelinek, orain arte izandako mozkin handiei «langileen lepora» eutsi nahi dielako.
Horren harira, CCOOri etaUGTri multinazionala «berriz ere» babestea leporatu zienLABek: «Michelinen mozkinak bermatzen dituzte, eta uko egiten diote egungo langileen interesak babesteari».
Autogintzaren sektorearekin jarraituz, Mercedes Benz enpresak Gasteizko zentroko langile batzordearekin negoziatzen jarraitzeko prest ez dagoela berretsi zuen atzo, eta «soilik ekarpenak egiteko prest» dauden sindikatuekin hitz egingo duela adierazi zuen.
Metalaren egoera larria
Gainerako sektoreetan bezala, metalgintzako enpresetan ere malgutasuna eskatzen hasi dira, baina, horrez gain, enplegua erregulatzeko dosierrak eta langileak kaleratzeari ekin diotela salatu zuen LABek atzo, Alberto Cristobal sindikatuko metaleko koordinatzaileak Sidenor eta Arcelor Mittal enpresetako ordezkariekin batera Bilbon egin zuen agerraldian.
Sidenorrek aurkeztutako enplegua erregulatzeko plana kritikatu zuen Cristobalek, 2.200 langile kaltetuko direlako. Arcelor Mittal, bestetik, «behin behineko langileak masiboki kaleratzen eta azpikontraten kopurua murrizten» ari dela ohartarazi zuen. Euskal Herriko lantegietan, ondorioz, 500 lanpostu desagerraraziko dituztela esan zuen LABeko kideak.
Urteotan,eta Arcelor Mittalen kasuan, «azken hilabeteetan ere» irabazi handiak izan dituzten enpresek «kaleratzeak sustatzea» gaitzetsi zuen Cristobalek etaEusko Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuariaurkezten dizkieten dosierrak «atzera botatzeko» galdegin zien. Azkenik, Espainiako Gobernuak autogintzarako iragarritako diru laguntzak martxan jarri arte lan kontratuak hautsi edo eten ez ditzaten eskatu zuen LABek.
Michelinek ez du inor kaleratuko, baina malgutu egingo du lanaldia
Gasteiz eta Lasarteko langileek 30 egun etxera bidali ahal izango ditu enpresak, berreskuratu beharrekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu