Michelineko langileak aurreikusi baino lehen irtengo dira aldi baterako erregulaziotik

Produkzioaren hobekuntza dela eta, enpresak Gasteizen dituen langile guztiak itzuliko dira lanera abuztuaren 10ean. Orain, aldi baterako enplegu erregulazioan daude 3.300 langiletik 1.100 inguru.

Michelineko langile bat gurpil erraldoi bat aztertzen, Gasteizko lantegian. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 29a
12:54
Entzun

Abuztuaren 10ean ohiko jardunera itzuliko dira Gasteizko Michelineko langile guztiak. Araban erreferentziazkoak diren enpresek albiste txarrak soilik iragarri dituzte azken asteetan —Tubacexeko eta Aernnovako kaleratzeak, besteak beste—, baina Michelinek berri on bat eman die gaur goizean bere langileei. Izan ere, berez, irailaren 15era arte zegoen indarrean maiatzaren 12an langileekin bigarrenez adostu zuten enplegu erregulazioa, lana aldi baterako erregulatzeko dosierra.

Michelinek 3.300 langile inguru ditu Gasteizko lantegian, eta haien bi heren, 2.200, duela hogei egun inguru irten ziren aldi baterako erregulaziotik. Orain, jona-etorria areagotu dela eta, gora egin du produkzioak, eta Michelinek lanera itzultzeko agindu die falta diren 1.100 beharginei: «Datozen bi hilabeteetarako aurreikuspenekin, ez dago langileek aldi baterako enplegu erregulazioan jarraitzeko arrazoirik».

Gurpil erraldoiak egiten dituzten langileak itzuliko dira abuztuan lanera. Besteak beste, obretarako eta meatzaritzarako erabiltzen dira horiek, eta enpresak Gasteizen ekoizten dituen produkturik garrantzitsuenetariko bat dira. Michelinen pneumatikoak erabiltzen dituzte, traktoreek, anbulantziek, suhiltzaileek eta kamioiek, eta, enpresaren arabera, hornitzaile bakarrak dira kasu batzuetan.

Kontratu berritzeak

Enpresak azaldu du aurreikuspenak ez direla horren argiak urritik aurrera, eta ziurgabetasuna handia dela oraindik. Dena den, UGT sindikatuak Michelini gogorarazi dio ez ziela kontratua berritu hainbat langileri, eta haiek ahal bezain pronto itzuli beharko luketela lanera, lan hitzarmenaren negoziazioan adostu zuten moduan.

Euskal Herrian 3.800 langile ditu Michelinek; Gasteizekoez gain, 500 ditu Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta beste ehunka batzuk ere ari dira haientzat lanean, azpikontratazioen bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.