Enpresak

Migratu duten profesionalak bueltatzeko laguntzak emango ditu Jaurlaritzak

Enpresa txiki eta ertainek nazioarteko lehiaketa prozesuetan parte-hartzea bultzatzeko programa ere abiatu du Ekonomiaren garapen eta lehiakortasunerako sailak.

Arantza Tapia sailburuak aurkeztu ditu Jaurlaritzak bultzatutako bi programak. DAVID AGUILAR / EFE
Ivan Santamaria.
2015eko ekainaren 16a
12:20
Entzun

Bi programa berri bultzatuko ditu aurten Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren garapen eta lehiakortasunerako sailak. Biek zerikusia dute nazioartekotzearekin, eta lehen aldiz jarriko dira martxan. Gaur onartu ditu gobernu kontseiluak, eta Arantxa Tapia sailburuak aurkeztu ditu.

Lehenbiziko programaren bidez atzerrira lanera joan diren profesionalak sorterrira bueltatzea erraztu nahi du Jaurlaritzak. Bereziki, zuzendaritza karguak izan dituzten langileei zuzenduta dagoen programa da Landhome. Konpainia baten izenean Indian, Brasilen edo Txinan lantokiren bat martxan jarri duten pertsonak izango lirateke, berriro etxera bueltatu nahi dutenak, baina lanpostu egokirik aurkitzen ez dutenak.

Berez, laguntza profesional horiek kontratatzeko prest egon daitezkeen enpresei eskainiko litzaieke. Nazioartekotze prozesuetan sartuta dauden konpainiak eta honezkero esperientzia duten zuzendariak harremanetan jartzea da neurriaren helburua. Aurten lehen saiakera egin nahi du Tapiaren departamenduak, eta 400.000 euroko aurrekontua gorde du horretarako.

Nazioartera atera nahi duten enpresei zuzendutako bigarren programa bat onartu du gaur gobernuak, era berean. Interlehian izena jarri dio, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainek nazioarteko lehiaketa prozesuetan aritzea bultzatzeko helburua du.

EAEko enpresen tamaina txikia ikusita, elkarlanean halako lehiaketetara aurkezten lagundu nahi dituztela azaldu du Tapiak. Aurten 300.000 euroko aurrekontua izango du programa honek.

Gauzatu deialdia, martxan

Programa berriekin batera, Gauzatu programaren 2015. urteko deialdia martxan jarri du Jaurlaritzak. Aurreko urteetan bezala 26 milioi euroko aurrekontua izango du. Diru hori inbertsioak egin nahi dituzten enpresei maileguan emateko erabiltzen da, eta ondoren apurka bueltatu behar dute. Sailaren programa indartsuenetako bat da.

Aurreko urteetan izandako "emaitza onak" gaindituko direla espero du Tapiak. 2013 eta 2014 urteetan 97 enpresen proiektuek jaso zuten laguntza. Guztira, gobernuak 52 milioi jarrita, 200 milioitik gorako inbertsioak mugiarazi ziren. Inbertsio horiekin 3.000 lanpostu baino gehiagori eutsi eta 1.200 lanpostu berri sortu zirela ziurtatu du Tapiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.