Uztailaren 7az geroztik negoziazio kolektiboa blokeatuta dago Hego Euskal Herrian. Egoera horrek langileei, sindikatuei eta enpresariei nola eragiten dien eta bakoitza arazoari nola erantzuten ari den sakon aztertzeko, BERRIAk lau elkarrizketa argitaratuko ditu lau asteburutan. Joan den igandean Egitura gehigarriak Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiari egindako elkarrizketa argitaratu zuen. Datorren asteburuan Jose Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren txanda izango da, eta azaroko bigarren asteburuan Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiarena. Bihar Miguel Angel Lujua Confebaskeko lehendakariaren elkarrizketa irakurgai izango da BERRIAn.
Hona, aurrerapen gisa, Miguel Angel Lujuak esandakoak:
Fagorren krisia: “Enpresa krisi nahiko adierazgarria ari da pizten Gipuzkoan. Alfaren egoera dugu, Corrugados, Arcelorrek ere lantegiren bat itxi zuen, eta orain, Fagor”.
Egoera ekonomikoa: “Sufrimendua geratzen zaigu, baina egia da ere amildegia ez dela berdin ikusten erortzen ari zarenean edo irteten ari zarenean”.
Sindikatuak: “Erabakitzeko zentroak kanpora eraman dituzten enpresak daude. Bi sindikatu abertzale ditugu, ordezkaritzaren %60 dute, eurak banintz gogoeta sakona egingo nuke”.
Negoziazio kolektiboa: “Arduraz jokatu dugu. Mundu guztiak uste zuen uztailaren 8tik aurrera eskubide galera etorriko zela guztientzat, eta ez da gertatu, nahiz eta krisian une kritikoa izan”.
Erretiroa atzeratzea: “Ez dut arriskuak edo lan nekezak dituzten pertsonak 70 urterekin lanean ikusten”.