Milaka pertsona elkartu dira Bilbon,Donostian eta Gasteizen, Espainiako Gobernuak egindako murrizketen aurrean protesta egiteko. 17:30ean abiatu dira martxak Bilbon eta Donostian;19:00etan, Gasteizen. Grebarekin bat egiteko antolatu dituzte manifestaldiak, eta dagoeneko 700 langile batzordek adierazi diote atxikimendua deialdiari.
Bilboko martxan izan dira Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELAko eta LABeko idazkari nagusiak, Euskal Herrian murrizketarik ez lelopean. Sindikatuetako ordezkariek Espainiako Gobernuak hartutako neurriak kritikatu dituzte, eta ohartarazi dute gizarte eredu berri bat ezartzeko asmoa dutela. Muñozek esan du neoliberalismoa eskoletara eraman nahi dutela, eta horrelakorik ez onartzera deitu du. Etxaidek, berriz, langileei "diktadura ekonomikoa" inposatzen ari zaizkiela salatu du, "diktadura berri bat non aberastasuna gero eta desorekatuagoa izango den". Etxaiderek eta Muñozek ezinbestekotzat jo dute "beldurra galtzea eta mobilizatzea" egoerari buelta emateko.
Lelo berdinaren atzean abiatu dira Bulebarretik Donostiako manifestaldian. Mozketen kontra oihu egin dute manifestariek, eta langileen eskubideak defendatzearen alde. Donostiako martxa zuzenean kontatu du berriketan.info-n Maite Alustiza BERRIAko kazetariak.