Hiru orduko lanuzte orokorrarekin eta manifestazio jendetsuekin. Horrelaxe erantzun diote italiarrek Mario Montiren gobernuak iragan astean onartutako neurritasun planari, Salva Italia dekretuari. 2014a bitarte gastu publikoa 12.000 milioi eurotan murrizteko neurriak eta Administrazioaren diru sarrerak 18.000 milioitan handitzekoak jasotzen ditu lehen ministro berriaren planak. Beste era batera esanda, pentsio sistemaren erreforma eta zerga berriak. «Guztiz neurri bidegabeak», herrialdeko hiru sindikatu handienen —CGIL, CISL eta UIL— ustez.
Saiatu dira gobernua iritziz aldarazten. Asteburuan luze negoziatu dute. Baina gobernuko ordezkariek ez dituzte onartu sindikatuen eskariak. Horrenbestez, mobilizazioetara deitu dituzte herritarrak. Atzo ez ezik, ostegunean, ostiralean eta datorren astelehenean ere neurritasun planaren kontrako lanuzte eta manifestazioak egingo dituzte herrialde osoan. Bi urte baino gehiago ziren hiru sindikatuek deialdirik batera egiten ez zutela.
Baina herritarrak bakarrik ez,parlamentariak ere haserre ditu Montik, hilean 5.000na euro gutxiago pagatu nahi dielako. Egun, soldata, osagarriak eta bestelako sariak kontuan hartuta, hilean batez beste 11.700 euro garbi kobratzen ditu Italiako parlamentari bakoitzak —15 paga dituzte—. Iragan udan onartutako dekretu batek dioenez, ordea, Italiako parlamentariek ere EBko batez bestekoa adina kobratuko dute datorren urtetik aurrera —EBko batez bestekoa 5.339 euro da—. Baina dekretuak ez ei du zehazten Europako Parlamentukoek adina edo EBko gainontzeko herrialdeetakoek adina kobratu behar duten, eta hori da orain eztabaidatzen ari direna. Kuriosoa da, baina Europako Parlamentukoak erreferentziatzat hartuz gero, soldata igoerekin hasiko lukete urtea. Igoerekin ez amesteko ohartarazi die Montik.
Iragan astean Ministroen Kontseiluak onartutako neurriak gaur eztabaidatuko dituzte Kongresuan. Litekeena da plana aurrera ez ateratzea, dagoeneko 1.300 aldaketa proposamen aurkeztu dizkiotelako. Hori gertatzera, idatzia konfiantza mozio batekin blindatzen saiatuko da Monti, tresna horrek aldaketa proposamenak banan-banan eztabaidatzetik libratuko bailuke.
Milaka lagunek parte hartu dute Montiren gobernuaren kontrako lehen protestetan
Bi urtean gastu publikoa 12.000 milioi gutxitu eta diru sarrerak 18.000 milioi handitu nahi ditu lehen ministro berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu