Aldi baterako espedienteak

Milaka langilek ikastaroak beharko dituzte aldi baterako espediente berezietan segitzeko

Enpresek formakuntza ikastaroak eman beharko dituzte beren langileen kotizazioen deskontuei eusteko. 12.500 behargin gelditzen dira pandemiari lotutako aldi baterako erregulazio espedienteetan.

Harakin ikastaro bat ematen, pandemia lehertu zeneko aurreko egunetan. GIPUZKOAKO HITZA
xabier martin
2021eko irailaren 28a
17:41
Entzun

Pandemiari lotutako aldi baterako erregulazio berezien luzapena egintzat jotzen zen, eta eragile sozialek akordioa lortu dute Espainiako Gobernuarekin. Badira berritasun batzuk, ordea, Hego Euskal Herrian azken urte eta erdian milaka enplegu salbatu dituen tresnaren inguruan.

Hasteko, uste baino adostasun handiagoarekin onartu du Madrilgo gobernuak luzapen hori, CCOO eta UGT sindikatuek ez ezik, CEOE patronalak ere oniritzia eman baitio aldi baterako espediente berezien azken luzapenari. SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren igoeran ez zuen ezer jakin nahi izan CEOEk, baina oraingoan ados jarri da.

Bigarrenez, luzapenaren iraupena uste baino urrutirago heldu da, urtarrilaren amaierara arte izan ordez, otsailaren 28ra arte izango baita indarrean enplegua erregulatzeko araudi berezia.

Eta azken berritasuna da aldi baterako espediente horietan segitzeko asmoz langileek trebakuntza ikastaroak jaso beharko dituztela; alegia, enpresek erraztu beharko dituztela ikastaro horiek bere beharginen kotizazioetan deskontuei eusteko.

Hamar langiletik gorako enpresek bete beharko dute baldintza hori Gizarte Segurantzaren %80ko deskontuak lortzeko; lantalde txikiagoa dutenek ez. Hego Euskal Herrian, 12.590 langile zeuden aldi baterako erregulazioan, abuztuaren amaieran, hilabete lehenago baino 4.041 gutxiago. Kopururik txikiena da 2020ko martxoan lanpostuak ez galtzeko formula zabaldu zenetik. 2020ko abuztuan, esaterako, 50.000 langile inguru zeuden, eta horietako gehien-gehienak itzuli dira beharrera. Kontua da oraindik ABEE batean dauden 12.500 horietatik kopuru handi bat langabeziara joan daitekeela, eta horregatik nahi du Madrilek formakuntza zerrendatan daudenentzat. Urte bukaeran argiago ikusi ahal izango da zenbat izan daitezkeen.

Bi ABEE mota

Urriaren 31 arte, orain arteko baldintzekin egingo dute aurrera ABEEak, eta azaroaren 1ean sartuko da indarrean azken orduetan adostutako formula berria. Urriaren 31 arte, modu automatikoan berrituko dira erregulazioak, baina, azarotik aurrera, erregulazioan segitzeko eskaerak berritu beharko dituzte enpresek, eta eskaera horietan formakuntza ikastaroen xehetasunak jakinarazi beharko dizkiote administrazioari.

Hala, jarduera mugatzeagatik eskatu ahal izango da aldi baterako espediente bat, kotizazioetan deskontuak lortzeko, betiere langileen trebakuntzari lotuak. Gainera, jarduera garatzeko ezintasunarengatik eskatu ahal izango da, eta euskarri horretan ez da trebakuntzaren baldintza bete beharko. Deskontuak %100ekoak izango dira, gainera, kasu horretan.

Ikastaroak ematen ez dituzten enpresetako langileek, ordea, jarraitu ahal izango dute enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente batean, baina enpresek ez dituzte jasoko abantailak beharginen kotizazioak pagatzeko. 30 orduko formakuntza eskatzen die gobernuak 50 langile arteko enpresei, eta 40koa lantalde handiagokoei; ikastaro horien kostuaren zatirik handiena administrazioak berak pagatuko du, baina enpresek ere pagatu beharko dute zati bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.