Gehiengo sindikalak greba orokorrera deitu dute biharko Hego Euskal Herrian eta dagoeneko milaka dira deialdiarekin bat egitea erabaki duten langileek. 700 langile batzordetik baino gehiagok iragarri dute ez dutela bihar lanik egingo, ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk egindako deialdia jarraituz, Espainiako Gobernuak egin nahi duen pentsioen erreformaren aurka. Horien artean daude, besteak beste, Arcelor Araban, Petronor, Metro Bilbao eta EITB Bizkaian, Aceralia, Carrefour eta CAF Gipuzkoan, eta Sunsundegi, Viscofa eta Sarriopapel Nafarroan. Arabako eta Bizkaiko aldundietako langileek ere greba iragarri dute, baita Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udaletakoek eta EAEko Justizia funtzionarioek ere. ESK eta CNT sindikatuek ere babesa agertu diote deialdiari.
Ostiralean bozkatuko dute Espainiako Legebiltzarrean erreforma. Rodriguez Zapaterok erretreta bi urtez atzeratzea proposatuko du, 65 urtetik 67ra, eta 2013. urtetik ezarriko litzateke, "pixkanaka" Espainiako Gobernuaren gertuko iturriek adierazi dutenez. Urtero bi hilabetez atzeratuko litzateke, eta 2025. urtean egongo litzateke erreforma osorik gauzatua. Horrekin batera, pentsioa zehazteko moduan eta alargunen pentsioetan ere aldaketak iragarri dituzte. Pentsioa kalkulatzeko kotizatu beharreko epea 15etik 25 urtera nahi du igo, eta kontribuzioaren %100 jasotzeko kotizatu beharreko epea ere bi urtez nahi du luzatu, 37 urte arte. CCOO eta UGT sindikatuen babesa jasotzeko (horiek ez dute biharko greba deialdia babesten) 40 urte kotizatu dutenak 65 urterekin erretiratu ahal izatea aztertzen ari da Espainiako Gobernua. Ostirala baino lehen gutxieneko akordio bat lortzen ez badute, CCOOk esan du aurre egingo diotela, bozketaren ondoren, Gobernuaren erabakiari.
EAJk ez du bere botoa zein izango den jakinarazi
PSOEren erreforma proposamenari baiezko botoa emateko prest dagoela iragarri zuen atzo CiUk, baina horrekin batera, EAJren botoak ere beharko ditu Gobernuak proposamena aurrera ateratzeko, ez baitu gehiengo osorik (Coalicion Canariaren eta EAJren babesarekin onartu zituen aurtengo aurrekontuak). Emilio Olabarria EAJko diputatuak, ordea, atzo ez zuen argitu zer bozkatuko duten eurek.
Gehiengo sindikala itxaropentsu agertu da deialdia jasotzen ari den babesekin. Sindikatuek diote oraindik ere garaiz daudela erreforma geratzeko: "Ez dago euskal eragilerik gure izenean hori onar dezakeenik", esan zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Erreforma azken 25 urteetan pentsio sistemaren aurka egin den erasorik larriena dela diote. Adolfo Muñoz ELAko idazkariaren hitzetan erasoaren asmoa pentsio sistema publikoa "deuseztea" da, eta horrekin batera pentsio funts pribatuak bultzatu. Grebarekin hainbat eragilek egin dute bat, eta horien artean daude ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Alternatiba -hiru eragileek atzo prentsaurrekoa eman zuten elkarrekin-, Aralar, Eguzki eta AHT Gelditu!, besteak beste.
Aralarrek kritikatu egin du PSOEk eta EAJk pentsioen erreforman hartu duten jarrera. "Erabateko murrizketa suposatzen du horrek eta euskal langileen bizi baldintzetan ondorio larriak izango ditu".
greba orokorra
Milaka langilek iragarri dute bihar greba egingo dutela pentsioen erreformaren aurka
ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk deitu dute, ostiralean Madrilen erretiroa bi urtez atzeratzeko egingo den bozketaren bezperan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu