Milaka manifestari bildu dira Estrasburgon 65 orduko lan astearen kontra

Europako Legebiltzarrak gaur erabaki beharko du lan astea luzatu edo ez; bozketa nahiko parekatuta dago

2008ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
65 orduko lan astearen kontra manifestazioa egin zuten atzo Europako sindikatuetako hainbat ordezkarik, Estrasburgon (Frantzia). Antolatzaileen arabera, 15.000 lagun inguru bildu ziren hiriko plazan, eta han hasi zuten manifestazioa, Europako Legebiltzarraren aurrean amaitzeko. Ekitaldi politikoa egin zuten manifestazioa amaitu eta gero, eta John Monks Europako Sindikatuen Konfederazioko idazkari nagusiaren hitzekin amaitu zen ekitaldia. Euskal Herritik ELAko ordezkariak izan ziren hara joan ziren bakarrak.

Lan astea gehienez ere 65 ordura luzatu edo ez. Horixe bozkatu beharko dute gaur Europako legebiltzarkideek. Joan den ekainean egungo zuzentaraua berriz aztertzea erabaki zuten Europako ministroek, eta bi proposamen nagusi egin zituzten: lan astea 65 orduz luzatzea eta enpresaburuari langilearekin lan astea negoziatzeko ahalmena ematea -opting out deitua-. Bozketa oso parekatuta dago, eta inork ez daki aldekoa edo kontrakoa izango den.

Gehiengo osoa beharko du legebiltzarrak zuzentaraua aurrera ateratzeko, hau da, 365 ordezkarik baietz bozkatu beharko dute. Adituen arabera, 15-20 botoren bueltan egon daiteke erabakia. Oraingoz, aldeko agertu dira Erresuma Batua eta Sobiet Batasuneko kide ziren herrialdeak.Kontrako agertu dira, berriz, Europa zaharreko kideak. Hala ere, ekaineko azken bileran ez zuen herrialde bakar batek ere kontrako botorik eman.

Dagoeneko Erresuma Batuan, Grezian eta Polonian langileen %17k baino gehiagok astean 48 ordutik gora egiten dute lan.

«Astakeria galanta»

Sindikatuak hasieratik agertu dira 65 orduko lan asteren kontra,egun Europako Batasunean gehienez astean 48 orduz egin daitekeela kontuan hartuta, lortutako aurrerapausoen kontra egitea dela uste baitute. Gainera, hainbat ikerketek diotenez, astean 60 ordutik gora lan egiten dutenek bihotzeko gaixotasunak izateko aukera gehiago dute.

Opting out edo aukeratzeko ahalmenaren proposamenak ere kritika ugari jaso ditu, hitzarmen kolektiboaren kontra egiten duela salatu baitute sindikatuek. Joseba Villareal ELAko Hitzarmen Kolektiboko arduraduna Estrasburgon dago. Haren esanetan, patronalari ate hori irekitzeak babesgabe uzten du langilea enpresaburuaren aurrean. Gainera, patronalek malgutasuna eskatu arren, dagoeneko «nahikoa» badutela uste du, oraindik eta gehiago eskatzen aritzeko. Horregatik, proposamenari «astakeria galanta» deritzo, eta XIX. mendera atzera egitea suposatzen duela. Haren ustez, lege proposamenak argi utzi du «Europa sozialik» ez dagoela: «Europa merkatu bat da, eta langileak lan eskua besterik ez gara».

Horiez gain, beste ondorio batzuk ere aipatu dituzte sindikatuek, esate baterako, lana eta familia bateratzeko zailtasunak. Hori dela eta, askok lana utzi behar izan dutela uste dute, batez ere emakumeak. Europako Batasunean gizonezkoen %29k izaten dituzte lan egun luzeak, emakumeen bikoitzak, alegia.

Proposamena aurrera ateraz gero, medikuak ere kaltetuak izango dira, guardian egiten dituzten orduak ez kontatzea suposatuko bailuke.

Euskal Herriko beste sindikatu batzuek ere zuzentarauaren aurka egin dute. LABek aurrez aipatutako eraginez gain, beste batzuk ere aipatu ditu: langabezia, eta lan istripuen hazkundea, esaterako. Horiek salatzeko, atzo lantegietan informazio eta mobilizazio kanpaina bat egin zuen. ESKeta EILAS sindikatuek, berriz, elkarretaratzea egin zuten Iruñean, Ordu gehiagorik ez! lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.