Milaka pentsiodun irten dira kalera, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak eskatzeko

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte manifestazioak arratsaldean. Dirua egon badagoela aldarrrikatu dute pentsiodunek, eta aktibatzeko deia egin diote gizarteari.

Donostiako manifestazioa. ONEKA
Jon Fernandez.
2018ko abenduaren 15a
07:47
Entzun

Beste behin ere pentsio duinen alde kalera irten dira milaka lagun hegoaldeko lau hiriburutan. Arratsaldean egin dituzte protestak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. 16:30etan irten da Gipuzkoakoa, eta handik ordu erdira Bilbo eta Iruñekoa; Gasteizkoa, berriz, 18:00etan irten da Artiumetik.

Jendetza batu zaie beste behin pentsiodunen aldarrikapenei. Salatu dute gobernuek dirua izan badutela 1.080 euroko gutxieneko pnetsioak ordaintzeko, baina ez dutela "borondaterik".

Bi dira euren aldarrikapen nagusiak: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; eta pentsio arrakala desagerraraztea —emakumeen pentsioak %41 apalagoak dira gizonezkoenak baino EAEn—. Gogorarazi dute pentsioen arazoa "transbertsala" dela eta lan prekarietatea ere gaitzetsi dute. Hala kalera irteteko deia egin diote gizarteari.

Gustora agertu da Gipuzkoako Duintasuna pentsiodunen elkarteko kide Maria Serao deialdiak jaso duen erantzunarekin. "Uste baino jende gehiago etorri da. Haserre dago jendea Jaurlaritzaren jarrerarekin, ez dutelako gutxienekoa onartzeko ere borondaterik".

Donostian, mezu zuzena helarazi diote gizarteari: "Inoiz baino aberastasun gehiago dago gaur egun, baina desberdintasunak gora doaz. Sumindu gaitezen, konprometitu gaitezen!".

Baldintza berdinak datozen belaunaldientzako

Iruñean aratsaldeko 17:00 pasatxo abiatu da manifestazioa Gaztelu plazatik. Irten aurretik euren aldarrikapen nagusiak gogorarazi ditu Ramon Marin pentsiodunen ordezkariak. "Datozen belaunaldientzako badintza berdinak nahi dutugu, alegia, kotizatutakoaren %80 inguru izan dadila haien pentsioa ere". Baina ohartarazi du zaila dela hori gazteek jasan behar duten prekarietatea dela eta.

Espainiako eta Nafarroako aurrekontuak ere kritikatu dituzte pentsiodunek, salatuz ez dituztela iruzurrak saihesteko nahiako tresna. "Dirua noruntz doan erabakitzerakoan beharrak hartu behar dira kontuan: osasun hezkuntza eta dependentzia". Hala, Europako Gutun Sozialaren aholkuak kontuan hartu eta gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.