Europako ekonomia suspertzeko zientziak duen garrantzia eta auto elektrikoen merkatua. Bi gai nagusi horiek jorratuko dituzte Europako Batasuneko ministroek Donostian egingo den lehiakortasunari buruzko bileran. Bihartik asteartera izango da, Kursaalean.
Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, Sueños de Silicio izeneko erakusketa inauguratuko dute igandean Tabakaleran, eta horrekin hasiko da bilera. Ondoren, afaria egingo dute Miramar jauregian. Jaki batzuen prestaketan aurrerapen zientifikoek nola eragin duten erakutsiko dute hainbat sukaldarik.
Astelehenean, zientziak ekonomiaren hazkundean duen eginkizuna landuko dute. Han izango da, besteak beste, Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntzarako ministroa. Herrialdeek zientziarekiko konpromisoa berrestea da xedea, eta ateratako ondorioak Donostiako Adierazpen izeneko agirian bildu nahi dituzte.
Asteartean, gai bakarraz arituko dira ministroak: auto elektrikoaz. Teresa Santero Industriako idazkari nagusiak azaldu duenez, ez dute espero emaitza «handizalerik», ezta agiriak herrialdeak ezertan behartuko dituenik. Halere, Europako Batasunak auto elektrikoei lehentasuna ematea garrantzitsua dela azaldu du.
Gaiari buruz hitz egiteaz gain, ibilgailuak bertatik bertara ikusteko aukera ere izango dute ministroek. Opelek Ampera modeloa aurkeztuko du, eta han izango dira Audi, Mitsubishi, Mini, Seat, Volkswagen, Mercedes, Reva, Toyota, Peugeot, Citroen, Nissan, Ford eta Renaulteko ordezkariak ere.
Bihar, manifestazioa
Ministroen bilera Donostian dela baliatuz, protestak egingo dituzte ezkerreko eragile sozial, sindikal eta politikoek. Biharkoa izango da garrantzitsuena, manifestazioa egingo baitute 12:00etan Bulebarrean. Ekimenari babesa eman diotenen artean daude Alternatiba, Aralar, Ezker Batua, ezker abertzalea, EA, EPK, gazte abertzaleak, Gazte Komunistak, gazte independentistak, ELA, LAB, CCOO, CNT, ESK, EILAS, AHT Gelditu Elkarlana, Eguzki, Ekologistak Martxak, Donostiako Bilgune Feminista eta beste hainbatek.
«Europako Batasunak ezkutatzen duena salatzea beharrezko ikusten dugu», esan dute. Haien arabera, isilik mantendu nahi izan dute ministroen bilera, «protestarako edozein ekimenen antolakuntza eragotzi eta munduari Euskal Herriari buruzko irudi normalizatu bat emateko».Europako Batzordeak langileei erabakitzeko eskubidea «ukatu» eta multinazionalen eta eliteen interesei lehentasuna ematen diela gaineratu dute ekimenaren sustatzaileek.
Udaberrian beste bilera bat egingo dute ministroek Euskal Herrian. Iruñean izango da. Orduan ere protestak egingo dituztela iragarri dute.
Ministroek auto elektrikoez hitz egingo dute Donostian
Ezkerreko eragile sozial, politiko eta sindikalek protestak egingo dituzte Europako Batasunaren bileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu