Autogintza

Mitsubishik 625.000 autoren kontsumo zifrak faltsutu dituela onartu du

Iruzurra soilik uharteko autoetan egin duela adierazi du Japoniako taldeak 

Tetsuro Aikawa Mitsubishiko presidentea, eskinean, gaurko prentsaurrekoan. FRANCK ROBICHON / EFE
Jon Fernandez.
2016ko apirilaren 20a
08:12
Entzun

Iazko Volkswagenen eskandaluaren antzekoa da Mitsubishik aitortu berri duena, baina eskala txikiagoan. Alemaniako autogileak 11 milioi auto manipulatu zituen gas kutsagarrien emisio maila txikitzeko asmoz; Japoniako konpainiak, berriz, 625.000 auto manipulatu ditu, denak uhartean bertan. 

Tetsuro Aikawak, Mitsubishiko presidenteak, aitortu du publikoki iruzurra gaur goizean. Pneumatikoen airearen presioa aldatuta lortu dute erregaiaren kontsumoaren gaineko azterketak manipulatzea. Auto txikien modeloetan egin dute iruzurra:  Mitsubishik ekoitzitako ek Wagon eta ek Space modeloetako 157.000 autoetan, eta Nissan Motorrekin batera ekoitzitako eta Nissanek komertzializatutako Dayz eta Dayz Roox modeloetako 468.000 autoetan. 2013tik aurrera ekoitzitako autoak dira denak. 

Akzioak, behera

Hain zuzen, Nissan autogile japoniarra izan da iruzurraz jabetu dena, barne neurketak egiterakoan. Mitsubishiren bezeroa da Nissan, eta konturatu zen bere autoen eraginkortasun energetikoa Mitsubishik zioena baino %7 txikiagoa zela. 

Iruzurraren berri izatearekin batera, Mitsubishik %15eko galerak izan ditu Tokioko burtsan, 1.050 milioi euroren galerak hain zuzen. Gertatutakoa ikertzen jarraituko dutela adierazi du Aikawak, eta erantzuleak nortzuk diren ere argituko dutela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.