Greba orokorra

Mitxel Lakuntza: «Lortzen duguna kalean lortuko dugu, eta ez gobernu akordio baten bidez»

ELAko idazkari nagusiak baztertu egin du PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu itunak euskal langile eta pentsiodunen beharrei erantzungo diela. «Akordio horren musika eta letra ez datoz bat».

Mitxel Lakuntza ELAren egoitzan, prentsaurrekoan, gaur. XABIER MARTIN
xabier martin
2020ko urtarrilaren 15a
13:43
Entzun

Espainiako Gobernuan PSOE eta Unidas Podemos gobernuan egotea «albiste ona da», Mitxel Lakuntzarentzat, ez duelako pentsatu nahi ere «zer izango litzatekeen eskuin muturraren gobernu bat» Dena den, «PSOEren bigarren aukera» da martxan jarri den koalizio exekutiboa, Pedro Sanchezen saioek islatu duten moduan, ELAko idazkari nagusiaren arabera. Gauzak horrela, Lakuntzak garbi utzi du gaur alderdi bien arteko gobernu akordioak ez diela erantzuten euskal langile eta pentsiodunen arazoei, eta «lortzen dena, kalean lortuko dela, presio egiteko gaitasunaren arabera».

Baina zergatik ez du balio Espainiako Gobernuak esku artean duen programak, eta zergatik da «abagunerik egokiena greba orokorrerako»? Hasteko, ekonomiaren alorrean, aurrekontuei begira, «PPk ezarritako politikarekin jarraituko dutelako», Lakuntzaren hitzetan. Esan du 135. artikulua bere hartan utziko dutela, eta Aurrekontu eta Finantza Egonkortasunak gastua baldintzatuko duela dena, orain arte bezala. «Nadia Calviñok berak garbi utzi du orain arteko politikarekin jarraituko duela Europari begira».

Bigarrenez, zerga politika hartu du ahotan ELAko buruak, eta azaldu du egitekoak diren aldaketak «eskasak« direla politika sozialak aldatu ahal izateko. Esan du 300 milioi euro gehiago biltzeko helburua dagoela, eta hori ez dela nahikoa. Lakuntzak EAJ salatu du, PPri zaindari lanak egingo dituela helarazi diolako. «EAJk esan du zerga arloan Unidas Podemosekin egiten den edozein akordio PSOEK aldez aurretik hitzartu beharko duela EAJrekin. Lotsagarria da berriro ere galga gisa eskaintzea bere burua politika aurrerakoiak egin behar direnean.

Lan erreformak eta pentsio erreformak

Lakuntzak urtarrilaren 30eko greba deialdiaren oinarrizko eduki gehiago aztertu ditu, Espainiako Gobernu akordioarekin loturik. Esan du ez dela nahiko pentsioak KPIari lotzea urtebeterako, Pedro Sanchezen gobernua Toledoko Itunera bideratu duelako pentsiodunak eskatzen ari diren guztia. Gizarte Segurantzako ministro Jose Luis Escrivak garbi utzi ei du erretiro adina 67 urtera arte atzeratzearen aldekoa dela, eta baita kotizazio tartea 35 urtera handitzekoa ere, pentsio apalagoak egon daitezen. «Ez dago neurririk 2011ko eta 2013ko pentsio erreformak atzera botatzeko. Toledoko Itunean muturreko eskuina ere egongo da, eta ez dute aldatuko erreformen funtsa», adierazi du ELAko idazkari nagusiak.

Lan erreformei ere erreparatu die. Lakuntzak onartu du gobernua prest dagoela PPk onartutako lan erreforman  doikuntzak egiteko, baina baita horietako batek euskal langileei kalte handia ekarriko diela ere. Enpresa itunak berriro sektorekoen azpitik jartzeko helburua aztertu du, erakusteko neurri horrek «estatalizazioan sakontzea» ekarriko duela. «Rodriguez Zapateroren lan erreformak irauli egin zuen negoziazio kolektiboa, eta euskal esparrukoak ziren negoziatzeko gaiak Espainiara eramateko ateak zabaldu zituen, UGTk eta CCOOk nahi zuten moduan».

U-30eko greba orokorraren aldarrikapen taulan 1.200 euroko gutxieneko soldata jasorik dago. Hurbilduko ote da Pedro Sanchezen gobernua horrelako neurri batera? Mitxel Lakuntzak garbi dio ezetz. «CEOE patronala lasai dago. Garamendi berak esan duen moduan, elkarrizketa sozialeko mahaian erabaki beharrekoak dira gutxieneko soldata eta beste gai batzuk, eta han betoa izango du patronalak». CEOEk 900 euroko gutxieneko soldata ezartzeko baliatu zen dekretuen modukoak ez ditu atsegin, Lakuntzaren ustez, baina UGT eta CCOO egongo diren mahai batean negoziatzea bai.

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua

Beraz, Mitxel Lakuntzak ondorio garbi bat atera du , Madrilgo gobernu akordioak euskal langile eta pentsiodunen aldekoa ote den aztertu ondoren: «Musika eta hitzak ez datoz bat. Letra gutxi dago, eta ez da ulertzen». Alegia, «propaganda egiteko» baliagarria izan dela koalizioaren akordioa, baina ez duela oinarrian  jasotzen neurri eraginkorrak hartzeko konpromisorik jasotzen.

«Kalera ateratzeko abagunea da. UGT eta CCOO gisako sindikatuek esan digute ez dela abagune aproposa, Espainiako Gobernuari denbora eman behar diogula. Alderantziz da. Lortzen duguna kalean lortuko dugu, gobernuari presio egiteko dugun gaitasunaren arabera. Begira zer gertatu den Frantzian», esan du ELAko buruak, eta gogoratu Pablo Iglesias presidenteordeak esan berri diela eragile sozialei gobernua kritikatzeko eta estu hartzeko. «Horixe bera egiten ari gara».

Gaur goizeko agerraldia Espainiako gobernu akordioa aztertzekoa zela esplikatu du ELAko idazkari nagusiak, baina ez dituztela ahaztu Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, eta hilaren 30erako deitu duten greba orokorraren aldarrikapen taulan zeresan handia dutela batak zein besteak. «Ezkutatzen ari dira; beste leihatila batera joateko esan digute. Bada, ez, pentsioak osatzeko gaitasuna eurena da, DSBEa bezala, esaterako».

Horrez gain, esan du Confebaski asteon gehiengo sindikalak egindako akordio proposamenak ez duela erantzunik oraindik, eta zain segitzen dutela; greba orokorraren deialdia ezkutatzeko saioan dagoela hura ere.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.