Sindikatuak

Mitxel Lakuntzak ordezkatuko du Adolfo Muñoz ELAren gidaritzan

Nazio Batzordeak Mitxel Lakuntza proposatuko du ELAko idazkari nagusi gisa. Sindikatuak ohiz kanpoko kongresu batera deituko du apirilaren 5erako, Batzorde Eragilea berritzeko. Donostian izango da.

xabier martin
2018ko abenduaren 17a
08:48
Entzun

ELA sindikatua zuzendaritza berritzera doa, eta Adolfo Muñozen ondorengoaren izena ezagutzera eman berri du: Mitxel Lakuntza, egungo eta azken hamaulau urteetako ELA-Nafarroako koordinatzailea. Nazio Batzordearen proposamenak afiliatuen oniritzia beharko du sindikatuak deitu duen ohiz kanpoko kongresuan; apirilaren 5ean izango da, Donostian, eta Batzorde Eragilea berritzea izango du helburu: hamabi kideren organoa izanik, eta Muñozek kargu guztiak utziko dituenez, beste kide bat sartuko da haren ordez. Nazio Batzordeak Maialen Aranburu proposatu du. Idazkaritza nagusirako, edonola ere, Mitxel Lakuntza (Iruñea, 1976) hautatu dute. Hementxe BERRIAk hari egindako azken elkarrizketa.

Horiek horrela, Batzorde Eragile osoa bozkatuko da, idazkari nagusi berria barne: Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa (idazkari nagusi albokoa), Amaia Aierbe, Xabi Anza, Maialen Aranburu, Iván Giménez, Laura Gonzalez de Txabarri, Peio Igeregi, Mikel Noval, Leire Txakartegi, Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal.

Mitxel Lakuntza ELA-Nafarroako koordinatzailea da 2004az geroztik, Jose Mari Otaegi ordezkatu eta gero, eta Batzorde Eragileko kidea, beraz, urte horietan guztietan. Elektronika-teknikaria da, eta ELAko afiliatua 1999. urtetik; Gamesako langilea zen urrats hori egin zuenean. Enpresa horretan ordezkaria izan zen, eta sindikatuaren egituran 2001. urtean sartu zen, hainbat federazioren arduradun bezala.

Bestetik, Maialen Aranburu Zinkunegi (Lasarte-Oria, 1985) Batzorde Eragilean sartuko da, Ekintza Sozialaren ardura hartzeko. Jendarte eta Kultur Antropologian lizentziatua eta Gizarte Langintzan diplomatua da Aranburu. Ikasketa feminista eta generoko masterra dauka. 2016ean sartu zen ELAko egituran, eta hainbat kargutan egon da: Donostiako eskualdeko eta Irakaskuntzako arduraduna izan da, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.