Greba orokorra

Mobilizatzera deitu dute Bilboko lau grebalari auzipetuak absolbitzeko

Irailaren 11n eta 12an hasiko dira epaiketak, eta ordurako mobilizazioak antolatzeaz gain, larunbat honetan manifestazioa egingo dute Bilbon.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko irailaren 3a
20:15
Entzun

Jon Telletxea, Urtzi Martinez eta Aitor Fernandez. Hiru gazte horien aurkako epaiketak hilaren 11n hasiko dira, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorreko istiluetan parte hartu izanagatik. Irantzu Ialdebereri ere delitu bera egozten diote, baina gertaeren garaian adingabea zen, eta beste auzitegi batean epaituko dute. Telletxea, Martinez eta Fernandezentzat 42 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, 14na urte. Grebalariak Aske plataformak euren aurkako epaiketa bertan behera uzteko eskatu du, eta lau gazteen absoluzioa aldarrikatu. Izan ere, epaiketa hori poliziaren amarrutzat jo du plataformak. “Leporatzen zaizkien gertakarietan parte hartu izanaren inolako frogarik ez dago. Akusazioak daukan oinarri bakarra Poliziak gertatutakoaren inguruan emandako bertsioa da”, esan du Jose Morales plataformako kideak.

Zergatik egin dute, beraz, lau gazteen aurka? Moralesek argi esan du: “Deustuko Grebalarien Batzarreko kideak direlako, eta beren auzoetan oso ezagunak direlako mugimendu sozialetan egiten duten lanagatik”. Hori dela eta, erasoak eta desordenak epaitu beharrean, eredu sozioekonomiko baten aurkako borroka epaitzen dela salatu du plataformak.

Epaiketa horiek bertan behera utzi eta lau gazteen absoluzioa eskatzeko, manifestaziora deitu dute larunbat honetan Bilboko Jesusen Bihotza plazatik 12:30ean. Epaiketak hasiko diren egunean (irailak 11), bestetik, 19:30ean beste manifestazio bat egingo dute Deustuko San Pedro plazatik abiatuta. Eta azkenik, hilaren 11 eta 12an kontzentrazioa egingo dute 09:30etatik aurrera epaitegien aurrean, epaiketak iraun bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.