Mobilizazio «handi» baterako prestatzen ari dira pentsiodunak

Pentsioak %1 igo izana «iruzurtzat» hartu dute Hego Euskal Herriko pentsiodunen lau plataformetako kideek

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Haserre daude Hego Euskal Herriko pentsiodunen elkarteak. Espainiako Gobernuak pentsioak %1 igo izana «iruzurtzat» hartu dute, igoera horrekin eta iaz izan zuten pentsioaren izoztearekin erosteko ahalmena galduko dutelako. Pentsioak %3 igo beharko litzaizkiela ziurtatu dute, azaroan Espainiaren KPIa %2,9 izan zelako. Mobilizazio «handi bat» egiteko aukera aipatu dute.

«Herrietako jubilatu elkarteak gutxietsi gabe, gune horietan kartetan jolastu besterik ez da egiten askotan. Eta momentu batzuetan, kartetan jolastu baino kalera irten behar da daukagun gutxi hori defendatzeko». Hitz horiekin justifikatu du Carlos Ruiz Bizkaiko Pentsionistak Martxan elkarteko bozeramaileak hurrengo asteotan mobilizaziorako deiak egiteko aukera. Orain arte bi hilabetean behin gauzatzen zituzten mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela jakinarazi dute Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen elkarteek, baina ez dute manifestazio «handiago eta orokorrago» bat egiteko aukerarik baztertu. «Agian sindikatuekin ere elkartuko gara», aurreratu du Ruizek.

Noiz eta nola mobilizatuko diren aurki esateko asmoa dute pentsiodunen elkarteek. Aurretik jakin nahi dute Espainiako Gobernuak gaurko ministroen kontseiluan zer neurri hartuko dituen eta nola eragiten dien. Ez dute ezer onik espero, ordea. Pentsiodunentzako ere 2012. urtea gogorra izango dela uste dute elkarteek, aurrekoak ere hala izan direlako, haien iritziz. Atzo azalduzutenez, 2009. urtetik prezioek %7 egin dute gora Hego Euskal Herrian, eta %10 oinarrizko osagaietan. Denbora tarte horretan pentsioak gutxiago igo dira, eta azken urtean ezertxo ere ez haietako gehienentzat. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak pentsiorik txikienak baizik ez zituen igo.

Horretaz gain, pentsiodunen elkarteek larritzat jo dute alargun pentsioen hobetzea atzeratu izana. Horren ondorioz,Hego Euskal Herrian 695 eurotik behera jasotzen duten 150.000 alargunek «pobrezia larrian» jarraituko dute. Mendekotasunen bat jasaten duten pertsonen aurkako eraso berriak ere plazaratu dituzte: diru laguntza eskasagoak edo itxaron zerrenda luzeagoak. Nafarroan gainera, joan den abenduan Arreta Zerbitzuan 600 onuradun gutxiago zeudela salatu dute.

Mikel Argiñarena Bizkaiko Pentsionistak Martxan taldeko kideak nabarmendu duenez, «Madrildik datoz» neurri horiek guztiak. Horregatik, «inoiz baino ozenago eskatzen dugu gure pentsioen bermea hemen egon dadila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.