Mobilizazio «orokor, iraunkor eta bateratua» nahi du LABek

Irakaskuntza arloan asteartean eginen den protestan parte hartuko dute; urriak 11n ere mobilizatuko dira

Eñaut Aramendi, Amaia Fontang eta Jon Irazola LABeko ordezkariak, atzoko agerraldian. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak bultzatu erreformei sindikatuek erantzun «bateratua eta iraunkorra» eman behar diotela dio LABek. Hain zuzen, iaz bezala izandako egun bakarreko mobilizazioekin indar harremana ezin dela aldatu uste du sindikatuak. Hori dela eta, eraginkorragoak izateko «borroka molde berriak aztertzeko» deia egin du.

Atzo egin zuten prentsaurrekoa Amaia Fontang, Jon Irazola eta Eñaut Aramendi LABeko kideek, Baionako (Lapurdi) egoitzan. Hasi aitzin, Rafa Diez eta Bateragune auziko epaituei elkartasuna adierazi zieten.

Jada, bi egun dituzte agendan finkaturik: irakaskuntza arloan datorren asteartean iraganen den protesta eta urriaren 11ko aurreikusia den mobilizazioa. Irakaskuntzari doakionez, beste sindikatuak bezala «kurtso gelen masifikazioa» gaitzesten badute, aldarrikapen propioak ere badituzte. Besteak beste, irakaskuntzan euskararen presentzia orokortzea.

Bigarren protesta egunarenborroka forma ez denez oraino zehaztua, LABek dio «orokorra, bateratua eta denboran iraunkorra» izan beharko duela, «erasoen araberako erantzuna emateko». Beste sindikatuekin lanean aritu nahi dute, gehituz «besteek ere zentzu horretara jokatu beharko luketela». Hain zuzen, beste sindikatuek bazterketa jarrera atxikitzen dute LABi begira.

Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakariaren jarrera kritikatu zuten LABeko ordezkariek, «aldarrikapenen parean elkor izanez» bere neurriak «inposatzen» dituela erranez. Iazko urtea «iluna» izan bada munduko zein Euskal Herriko langileentzat, aurtengoa ere nahiko zaila ikusten du LABek.

Maiz ikuspegi politiko batetik begiratua den lurralde berrantolaketaren erreformak ondorio sozioekonomiko «txarrak» ukanen dituela azaldu zuen Fontangek. Batetik, Ipar Euskal Herriaren ezagupenik ez dakarrelako eta «berezko tresnarik gabe zailtasunei aterabideak ekartzea neke delako»; eta, bestetik, zentralizazio geroz eta handiagoa dakarrelako, «botere eta erabaki guneak urrunduz».

Botere guneak urrunduz

Horrez gain, enpresa oso txikietan sindikatuen ordezkaritzari begira Frantziako Gobernuak duen lege proposamena ere kritikatu zuten. Bozketak eskualde mailan eta lan arloka egitearen proposamena ez dute onartzen,«hor ere boterea geroz eta urrunago delako». Horrez gain, LAB gisako sindikatu txikien egoera txartzen duela salatu zuen.

Bilakaera horren ordez, «tokian tokiko erabaki gune sozioekonomikoak behar dira», Irazolak azaldu zuenez. Horrez gain, negoziaziorako esparru juridiko propioa ere aldarrikatu zuten. Ez zuten zehaztasunik handirik eman, eta azaroan aurkeztuko dute aldarrikapen horri begira eraman gogoeta.

Azaroaren 19an eginen duten afiliatuen biltzar nagusirako deia ere egin zuten prentsaurreko bukaeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.