Gamesako Langileen Batzordeak eman du protesten egutegiaren berri. Enpresan langileak kaleratzen ari direla salatzeko eta lanpostuetan duten "ezegonkortasuna" kritikatzeko prestatu dituzte mobilizazioak.
Goizean lantegiaren kanpoaldean elkartu dira. Bihar, etzi eta etzidamu, lanuzteak egingo dituzte 16:00etatik 18:00etara. Horrez gain, grebara deitu dute datorren astelehenerako.
Manifestazio bat ere egingo dute. Sindikatuek Gamesa, Acciona, Cener eta MTOI enpresetako langileak deitu dituzte, "sektorearen enpleguen ezegonkortasuna" salatzeko. 18:00etan abiatuko da martxa, eta Sarrigurengo udaletxean amaituko da.
Sindikatuek azaldu dute enpresak 31 milioi euroren irabaziak dituela, eta espero zuten baino eskari gehiago dituztela datorren urterako ere. "Testuinguru horretan" izan dira kaleratzeak, sindikatuen arabera. Gogorarazi dute enpresak iaz lan irabazien murrizketa aipatu zuela argudio gisa lana erregulatzeko txostena aurkezteko.