ekonomia

Mondragon: "Fagorren proposamena ez da bideragarria"

Berriak gaur aurreratu duen modura, korporazioaren kontseiluak uko egin dio aho batez Fagor Etxetresnen berregituraketa diruz laguntzeari.

I.Santamaria - X. Martin
2013ko urriaren 30a
21:40
Entzun

Mondragon Korporazioak ez du diru gehiago bideratuko Fagor Etxetresnak salbatzeko. Korporazioaren kontseiluak aho batez erabaki du bigarren erreskate bat ez ordaintzea. Mondragonen irudiko, kooperatibak egin duen proposamena ez da "bideragarria". "Ez die merkatuen beharrei erantzuten, eta eskatzen diren finantza baliabideek ez lukete balio enpresaren etorkizuna bermatzeko", dio korporazioak argitaratu duen oharrak. Orain arte Fagorri laguntzeko 300 milioi euro bideratu dituztela azpimarratu du, kooperatiben arteko elkartasun kontzeptuan. Mondragonek, halaber, "beharrezko elkartasun mekanismo guztiak" agindu ditu enpleguan eragina ahalik eta gehien murrizteko.

Mondragonek dioenez, "Fagor Etxetresnek merkatu globalean lehiatzeko duen ahalmenarekin zerikusia du" hartu duen erabakiak. "Lehiakide berriak eta joko arau berriak" dituen sektore batean dauden aldaketei egokitzeko gaitasun eza ikusten du Fagorren.

Dena den, Mondragon "elkarrekiko independenteak diren kooperatiba autonomoen elkarte bat" dela gogoratu du oharrean, elkartasun mekanismoz hornituta. Taldeak bere "kooperatiba guztien interesak" defenditzen dituela dio, baina negozioen "kudeaketaren erantzukizuna", ordea, bakoitzaren gain dagoela.
Hala, Fagor Etxetresnen egoerak taldeko gainerako kooperatibei ez diela eragiten gogoratu du, "ez delako enpresa holding bat, erakunde independente eta autonomoen elkarte bat baizik".

Edonola ere, taldeko Kontseilu Orokorrak, egoerak Fagor Etxetresna Elektrikoetako bazkideengan eta ingurunean duen "eragin sozialaz jabeturik", "beharrezko elkartasun mekanismo guztiak" abiaraziko ditu, enpleguan sortutako eragina "ahalik eta gehien" apaltzeko. "Birkokapenak zein aurretiko erretiroak" baliatuta, Fagorreko bazkideen enplegagarritasuna "erraztea" da asmoa. "Ekintza horiek guztiak Enplegu Bulego Korporatibotik koordinatuko dira (dagoeneko koordinatzen ari dira), eta bertan parte hartzen dute Fagor Etxetresnetako Pertsonal sailak, Lagun-aro, EPSVk eta taldeko Gestio Sozialeko sailak.

Fagorren oharra 

Ordu batzuk lehenago Fagor Etxetresnetako Kontseilu Errektoreak eta Kontseilu Sozialak ohartarazi dute finantzazioa berehala lortu ezean hartzekodunen lehiaketan sartuko dela ezinbestean kooperatiba, eta hori gertatzen bada, jarduera guztiak itxi eta lanpostu guztiak galduko direla ziurtatu dute. Biharko manifestaziora deitu dute Arrasaten, enpleguen alde. Fagor Etxetresnek 2.000 lanpostu dituzte Euskal Herrian, horietatik 1.800 bazkide kooperatibistak dira, eta beste 3.600 langile ditu mundu zabalean.

Diru faltak behartuta, ordainketak eten eta Konkurtso Legera jo beharko du Fagor Etxetresnak (gaur egun konkurtso legearen aurrekoan dago). Merkataritza alorreko epaitegiak administratzaile bat izendatu beharko du, eta hark gidatuko ditu enpresaren erabakiak aurrerantzean; horien artean egon litezke lantegiak eta jarduerak likidatzea edo saltzea, hartzekodunei zorra bueltatzeko beharrezkoa ikusiko balu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.