Mondragon korporazioak 125 milioi euroko irabaziak izan zituen joan den urtean, 2010ean baino %30 gutxiago —178 milioiko etekina eduki zuen duela bi urte—. Lantaldeari eutsi egin zion: 83.569 langile.
Korporazioak dio bere emaitzen "gakoetako bat nazioarteko estrategia" izan zela iaz ere, 2010etik %10,5eko hazkundea izan baitzuen.
Finantzen arloan, "egoera zaila" izan arren, aurreikuspenak gainditu zituzten "neurri eraginkorrei esker", taldearen arabera, eta aipatu du Euskadiko Kutxak 19,4 milioiko irabaziak eduki zituela.
Jose Maria Aldekoa taldeko presidenteak "balorazio ona" egin du. Nazioartekotzean bultzada berri eta garrantzitsua eman dutela esan du, merkatu berrietara iritsi direla eta berrikuntza indartu dutela.
Donostian Basque Culinary Center proiektua abian jarri izana ere azpimarratu du Mondragon korporazioak.