ekonomia

Mondragon saritu dute nazioartean, "negozio eredu baten benetako proposamen berri bat" egiteagatik

'Financial Times' egunkariak eta Arcelor Mittalek antolatzen duten ekitaldian Boldness in Business saria irabazi du. Munduko 260 enpresa aurkeztu ziren sarirako.

2013ko martxoaren 21a
11:32
Entzun

Drivers of change (Aldaketaren bultzatzaileak) kategorian jaso du saria. Atzo egin zen sariak emateko ekitaldia, Londresen. Han izan zen, besteak beste, Josu Ugarte Mondragoneko Nazioarteko Eragiketetako zuzendaria. Ugartek adierazi zuenez, jasotako aitorpenak korporazioa "modu globalean proiektatzen jarraitzea eta gizarte justuago, solidarioago eta bidezkoago bat eraikitzeko proposamena proiektatzea" ahalbidetuko die.

Korporazioa saritzeko arrazoi gisa, "negozio eredu baten benetako proposamen berri bat egitea" aipatu zuen epaimahaiak; eredu hori "lankidetzan, lan kolektiboan eta elkartasunean oinarrituta” dagoela uste du.

Aurreko hiru aldietan kategoria horretako irabazleak izan ziren Fiat (2009), Apple (2010) eta Amazon (2011). Boldness in Business sariak urtero banatzen dira, aldaketa bultzatu eta beren sektoreetan berrikuntza egiten laguntzen duten enpresei nazioartean esker ona erakusteko.

Aurtengoa bosgarren aldia da. Antolaketa Financial Times-en eta Arcelor Mittalen esku dago, eta sariak hainbat kategoriatan ematen dira: Erantzukizun Korporatiboa, Ekintzailetza, Gorabidean dauden Merkatuak, Enpresa txikia eta Urteko pertsona. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.