FAGOR

Mondragon taldean %1,55 igoko da lan kostua Fagorren eraginez

BERRIAk gaur aurreratutakoa berretsi du Lagun Aro EPSVk: Fagor Etxetresnetako langileen langabezia sariak ordaintzeko %1,55 igoko dira lan kostuak Mondragoneko kooperatiba guztietan

xabier martin
2013ko azaroaren 19a
19:36
Entzun

Mondragonek aldaketak egingo ditu Lagun Aro EPSVak taldeko erretiratuei ordaintzen dien pentsioen arauan, Fagor Etxetresnek utzitako langabeen arazo larriari erantzun bat eman nahian. Arrasateko taldeak 1.000-1.200 bazkideri lana edo erretiroa emateko helburua jarri dio bere buruari, eta, BERRIAk jakin ahal izan duenez, haietako heren bati, 350 bazkideri gutxi gorabehera, erretiro aurreratua eskainiko dio 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Mondragonen erretiratzen direnek Gizarte Segurantzatik jasotzen dute euren pentsioaren zati bat 65 urtetik aurrera, autonomoen erregimenean dagoen edozein langile bezala, baina aurrez erretiratzen direnek ez. Arazoak dituzten kooperatibetako aldez aurretiko erretiratuek soldataren %60 jasotzen dute hamabi lansaritan, 61 urte bete arte, dena Lagun Aroren bidez. Gehienetan kooperatibek pentsio hori osatzen dute, soldataren %20ko osagarri bat jarrita eta bi lansari gehituta; beraz, pentsioa soldataren %80ra igotzen zaie erretiratu gehienei. Denei ez, ordea, pentsioa osatzea ez baita derrigorrezkoa enpresentzat. Edonola ere, Gizarte Segurantzak ez du gasturik bere gain hartzen kooperatibista hauen erretiro aurreratuetan, Mondragon taldeak berak baizik, Lagun Aron gauzatzen den elkartasun printzipioari esker.

Fagor Etxetresnen kasuan, 55 urtetik aurrerako bazkideei erretiro aurreratua eskainiko zaie. 350 bat dira aukera izango dutenak: 55 urtetik 58 urte arteko 250 inguru, eta beste 100 bat 58tik 61 urte artekoak. Enpresak ezingo die pentsioa osatu, bistan denez, baina pentsioen arau bat aldatzea proposatu zuten aurreko ostiralean Lagun Aroren ohiz kanpoko batzar batean, disoluzioan dauden kooperatibetako aurretiko erretiratuek soldataren %80ko pentsioa jaso dezaten hamabi lansaritan. Beraz, %60 ez, %80 jasoko lukete hilero Fagorreko erretiratu hauek (euren enpresa disoluzioan dagoenez), baina ez hamalau lansari urtean (kooperatiba gehienen kasuan bezala), hamabi lansari baizik. Abenduaren 27an onartu beharko da aldaketa hori eta beste hainbat (63, 70 eta 71. artikuluak) Lagun Aroren batzar nagusian.

Langabezia vs erretiroa

Finean, Fagor Etxetresnetako bazkideek ere euren soldataren %80 jasoko dute erretiro aurreratua hartuz gero, egin berri diren aldaketei esker eta eskaintza hori onartzeko aldagai erakargarri gisa. Fagorreko balizko erretiratuek ez dute euren enpresa atzean izango osagarria bermatzen (%20 gehiago, eta bi lansari gehiago), baina disoluzioaren aldagaiak emango die %20 hori, hamabi lansaritan bada ere. Hala izango da 61 urte betetzen duten arte. Hortik aurrera, Lagun Aroko euren erretiroari ekingo diote, kapitalizatu duten diruaren poltsatik.

Arau aldaketak, gainera, dagoeneko erretiro aurreratua hartu duen Fagorreko beste talde bati eragingo dio. 200 bazkide daude egoera horretan. Euren soldataren %80 jaso dute orain arte, urtean hamalau lansarirekin; urtarrilaren 1etik aurrera hamabi besterik ez dituzte jasoko, baldin eta Lagun Aroren batzar nagusian elkartzen diren 2.000 ordezkari inguruk aldaketak onartzen badituzte.

Beraz, galtzen aterako dira itxura batean; kontua da dagoeneko ez dutela enpresaren sostengua euren pentsioa osatzeko, eta arau aldaketari esker %60arekin eta hamabi pagarekin geratu beharrean, %80arekin jarraituko dutela, nahiz eta bi lansari galdu.

Birkokatzeko edota erretiratzeko aukera ez dutenek Lagun Arok kudeatzen duen langabezia jasoko dute, soldataren %80ko hamalau lansari urtero, baina gehienez bi urtez. Erretiroa onartzen ez duten bazkideek (borondatezko eskaintzak izango dira) langabezia jaso ahal izango dute, eta erretiroak finkatutako hamabi lansarien ordez, hamalau jasotzeko aukera izango dute. Alegia, lehenengo bi urteetan, diru kopuru handiagoa jasoko dute langabezian daudenek erretiroa hartzen dutenek baino. Baina bi urteko langabezia saria bukatu ondoren, segurtasun falta izugarriari aurre egin beharko liokete erretiroa onartzen ez duten bazkideek, eta onartzen dutenek, berriz, ez. Eskaintza jasotzen poliki aztertu beharrekoa izango da, jakina.

Kuoten igoera

Erretiro aurreratu hauek eta Lagun Aroko langabezia jasotzen geratzen diren Fagor Etxetresneko langile-bazkideek eragingo duten kostua Mondragon taldeko kooperatiba guztien artean pagatuko dute. Faktura, hala ere, «uste baino txikiagoa» izango da, taldeko iturrien arabera. Lan kostuen %1,55eko igoera izango dute Mondragoneko kooperatiba guztietan datozen bost urteetan; proposamena hori ere onartzeke dago. Urtarrilaren 1ean jarriko litzateke indarrean neurria eta martxoaren 31ra arte aplikatuko, hil horren erdialdera ohiko batzarrean berresten duten arte. Datozen bost urteetan igoera horri bere horretan eutsiko zaiola aurreikusi dute, halaber.

Asko hitz eginda kuoten igoerari buruz Fagor Etxetresnen hondamendiak ekarriko zuen zigor gehigarri gisa, baina %10etik hurbil kokatzen ziren aurreikuspen ezkorrak urrun geratuko dira azkenean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.