Mondragon, trenean

Danobat Railway Systemsek lantegia inauguratu du Bergaran, trenen osagaiak egiteko makinak ekoizteko

jakes goikoetxea
Bergara
2009ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Munduko herrialde gehienek, industrializatuek eta gorabidean direnek, trenaren aldeko apustua egin dute. Tren garraioaren inguruko eskari handiari erantzuteko asmoz, Danobat taldeak ere trenaren aldeko apustua egin du: Danobat Railway Systems (DRS) enpresa sortu du, tren ekoizleek dituzten ekoizpen premiei erantzuteko. DRSk ez ditu egiten trenen osagaiak, horiek egiteko makinak eta produkzio lerroak baizik. Mondragon Taldearen makina erremintako adarra baita Danobat.

Berez, DRS ez da berria. Danobatek duela urte eta erdi abiatu zuen tren garraioan oinarritutako jarduera, baina atzo egin zuen aurkezpen publikoa, enpresaren lantegia inauguratuz, Bergaran (Gipuzkoa).

Aurkezpen ekitaldi arranditsua antolatu zuen. Agintariek ere parte hartu zuten. Han izan ziren Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia.

Baina inaugurazio ekitaldiko protagonista nagusiak makinak izan ziren. DRS Errusiako TVSZ enpresarentzat egiten ari den produkzio lerroa. DRSk sekulako kontratua lortu zuen Errusian: 63 milioi euro (hasieran 50 ziren), trenen ardatz muntatuak egiteko produkzio lerro baten truke. Merkantzia trenen gurpilak, errodamenduak, ardatzak eta goiko txasisak egingo dituzte. Egin eta muntatu.

DRS arduratu da ekoizpen lerroa egiteko prozesu osoaz: ingeniaritzaz, diseinuaz eta ekoizpenaz. Ekoizpen lerroa erabat automatizatua da: makinek piezak egiteaz gain, ikuskatu eta egiaztatu egiten dituzte. Orain probatzen ari dira, benetan funtzionatzen duela baieztatzen. Hiru hilabete pasatuko dituzte horretan. RDSko arduradunen esanetan, lanean hasten denean munduko aurreratuena izango da.

300 kamioi, itsasontzia, trena

Orain arte egin duten lana konplexua izan da, baina are konplexuagoa izango da Errusiara eraman eta han lanean jartzea. Bergarako lantegian egin duten ekoizpen lerroa desmuntatu eta 300 kamioitan eramango dute Bilboko portura, abendu edo urtarril inguruan. Itsasontzian eramango dituzte Bilbotik San Petersburgora eta trenean San Petersburgotik Thikvinera, TVSZ han eraikitzen ari den lantegira. Thikvinen berriro muntatu eta ondo funtzionatzen duela egiaztatu beharko dute. Bi urteko prozesua.

DRS etorkizunera begira abiatutako proiektua da. Rafael Barrenetxea DRSko zuzendari nagusiaren esanetan, liderrak izan nahi dute munduan, eta Bergarako lantegiak proiektu handiei heltzea ahalbidetzen die. Arreta berezia eskaintzen ari dira gorabidean diren herrialdeei, Indiari, Txinari eta Errusiari.

Baina, neurri handi batean, Errusian lortutako kontratua salbuespena da. Iaz azken urteetako eskari kopuru handienak lortu zituzten, baina Barrenetxeak berak atzo onartu zuen aurten eskari kopurua %60-70 murriztu dela. Zenbait bezerok bertan behera utzi dituzte sinatuta zituzten proiektuak, «dirua lortu arte».

Hala ere, Danobateko zuzendari nagusiak beste bi sektoretan egiten ari diren aurrerapenen berri eman zuen. Aeronautikan, esaterako, bost milioi euroko kontratua sinatu dute Iberiarekin. Danobatek hegazkinen turbinetako piezen higadura laser bidez konpontzeko sistema bat sortu du, pieza berriak jartzea saihesten duena.

Energia eolikoan, berriz, aerosorgailuen palak makinen bidez egiteko sistemak lantzen ari dira. Hau da, makina erremintekin, metala beharrean, zuntza lantzea. Gaur egun eskuz egiten dira. Lortuz gero, aitzindariak izango dira munduan. Proiektua aurreratuta dute eta lantegi bat eraikiko dute datorren urte hasierarako Elgoibarren (Gipuzkoa).



DRS

Lantegiaren inbertsioa: 12 milioi euro.

Langileak: 65. Hiru urte barru 200 izatea espero dute.

Azalera: 10.000 metro koadro.

TVSZren eskaria: 63 milioi euro, treneko ardatz muntatuak egiteko linea automatizatu eta malgu baten truke. Makina erremintako euskal enpresa batek inoiz jaso duen handiena da.

Makinak: Trenen gurpilak, errodamenduak, ardatzak eta goiko txasisak egingo dituzte.

Gaitasuna: Produkzio lerroak urtean 50.000 osagai egin ahalko ditu, hau da, lau minututik behin ardatz muntatu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.