EKONOMIA

Mondragonek 1.200 bazkideri irtenbidea emango die Fagorren likidazio prozesuan

Konkurtsora joko du Fagorrek bihar, eta fase berria irekiko da "jarduera berriak" sustatzeko Mondragonen asmoei begira. Basauriko Edesa konkurtsotik at geratuko da, Bizkaiak hiru milioiko bermea jarrita.

Fagorren geroaz hitz egiteko bilera, atzo. R. BOGAJO, ARP
xabier martin
2013ko azaroaren 7a
13:22
Entzun

Bilera "hotz eta jendetsua" izan zen atzo Lakuan, baina balio izan zuen gauza batzuk argitzeko. Fagor Etxetresnen porrotak eragingo dituen langabeei erantzuteko "konpromiso irmoa" duela jakinarazi zuen Mondragonek. Txema Gisasola kooperatiba taldeko lehendakaria joan zen bilerara, Mondragon 1.000-1.200 bazkideri soluzioak emateko lanean «buru-belarri» dabilela esatera. Fagor Etxetresnen zuzendaritzak esan zuen enpresa likidazio fasean sartuko dela "datozen asteetan", baina bihar bertan joko dute konkurtsora; hala aurreratu zuen bilera amaitu ondoren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Fagor berregituratzeko aukerak ikusten ote dituzten galdetu zieten Gipuzkoako Diputazio eta udaletako ordezkariek; "ostiralean konkurtsora goaz" izan zen erantzuna.

"Tentsioz betetako bilera" izan zen atzokoa. Jaurlaritza ordezkatu zuen Arantza Tapia Garapen Ekonomiko sailburuak. Enplegu sailburuordea izan zen Juan Maria Aburto sailburuaren ordez. Mondragon eta Fagorren ordezkarien artean "tentsio nabarmena" ikusi zuen bileran parte hartutako ordezkari batek BERRIA-ri esan dioenez. Konkurtsoan sartu arren, errentagarriak gerta daitezkeen lerroekin aurrera egiteko asmorik ba ote zegoen galdetu zieten Fagorrekoei Gipuzkoako ordezkariek. "Likidaziora goaz" izan zen erantzuna. Fagorreko zatiren bat salbatzekotan likidazio fasean izango dela alegia.

Ezustea Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren eskutik iritsi zen. "Eta nik dirua jartzen badut Basaurirako? Salbatuko litzateke?", galdetu zuen beste bilera kideen harrigarri. Hortik abiatuta hitzezko akordioa egin zuten Carlos Trebiño Fagorreko zuzendariak eta Bilbaok berak Basauriko Edesako lantegia konkurtso horretatik kanpo uzteko. Aurretik hitz eginda ote zegoen ez da ezaguna. Kontua da hiru milioi euroko bermea emango duela Bizkaiko Diputazioak, baina "epe motzeko" irteera bat baino ez da izango ahaldun nagusiak berak onartu zuenez, berregituraketa plan bat iritsi arte.

Beraz, Lakuako bilerak fase berri bat zabaldu du Fagorren erortzearen prozesuan. Likidazioa bere alde jarri eta "jarduera berriak sustatzeko" helburuak mamitu beharko ditu Mondragonek datozen asteetan, horretarako tartea ikusten badu. Donostiako Gizarte arloko epaitegiko administratzaile judizial batek (edo batzuek) kudeatuko du hartzeko- dunen zorrak ordaintzeko salmenta, eta harekin negoziatu beharko du Mondragonek Fagorren atal errentagarrienak salbatu eta enpresa berriren bat abiaraztea bideragarritzat jotzen badu. Konkurtsoan erosle gisa ez ezik hartzekodun gisa ere ariko dela abantail izan dezake prozesuan Arrasateko kooperatiba taldeak.

Bazkide ez direnen egoera

Bazkideentzako berehalako erantzunei dagokienez, berriz, Mondragonek "enpleguaren aldeko lehentasunezko konpromisoa" azaldu zuen bileraren ostean ateratako ohar batean. Jaurlaritzak, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako diputazioak eta Debagoieneko, Azpeitiko zein Basauriko udaletako ordezkariek ere mezu bera jaso zuten bileran: "Gaur-gaurkoz, kontuan hartuta kooperatibetan jasotzen ari den erantzun positiboa, datozen hilabeteetarako irtenbide posibleen jokaleku bat bistaratzen ari da 1.000-1.200 pertsonaren kolektibo batentzat, birkokapenak eta aurretiko erretiroak barne".

Bazkide ez diren langileekin, ordea, ez du konpromisorik hartu Mondragonek, ezta Basauriko Edesa eta Azpeitiko Grumal enpresako langileekin ere. Azpeitiko Grumal ez dute ostiralean konkurtsora eramango (juridikoki independentea da), baina Fagorrek bere porrotarekin bide berdinera eramango duen beldur dira Gipuzkoako Diputazioan. Langile horiei laguntza emateko plangintza lantzen ari da jadanik Diputazioa eta Azpeitiko Udala.

Jaurlaritzak ere Fagorren itxierak Mondragonetik at eragingo duen enplegu galera apaltzeko esku hartuko duela esan zuen Arantza Tapia sailburuak, enpresa hornitzaileei begira jarriko direla, ahal den enplegua salbatzeko Lanbide baliatuta.

Edesako 250 langileentzat, berriz, albiste ona utzi du Lakuako bilerak, Bizkaiak jarriko duen hiru milioi euroko bermeari esker aurrera egingo baitu enpresak epe batez. Hornitzaileei "lasaitasuna" emango die berregituraketa egin arte. Bideragarritasun plan horrek, haatik, kaleratzeak ekarriko ditu seguruenera aurrerago.

Edonola ere, Fagorrek konkurtso legearen aurrekoa erretiratuko du gaur, juridikoki Edesa eta Fagor erakunde independenteak direla aprobetxatuta. Carlos Trebiño Fagorreko zuzendaria ados da Bilbaoren proposamenarekin. Asteartean Bizkaiko diputatuen kontseiluak onartuko du bermea emateko foru arau bat, eta gero Batzar Nagusiek berretsi beharko dute. Hala ere, Edesako langileek aste hasieran hasitako itxialdiarekin jarraituko dute «informazio zehatzagoa» jaso arte.

Kooperatiben erantzun ona

Bestela, Mondragon "erantzun positiboa" jasotzen ari da taldeko beste kooperatiben aldetik bazkideen birkokatzeei begira. Enplegu Bulego Korporatiboan, "malgutasunez eta aukera guztiak baloratuz" ari dira lanean, bai behin-behinekoak bai behin betikoak, baina betiere Fagorreko langile bazkideentzat. Besteak, bazkide ez direnak alegia, izan daitezke azkenean kaltetuenak, hainbat kooperatibetan Fagorren enplegua galdu dutenek har dezaketelako euren lekua. "Jarduerak barneratzeko aukerak" aztertzeko eskatu die taldeak kooperatibei, gainera, eta horrek esan nahi du kanpoko enpresei emandako zenbait jarduera bere gain hartuko dituztela kooperatibek, "ahal den neurrian".

Mondragonek "gaur egungo jardueretan ahalik eta enplegurik gehien" mantendu nahi du, baina aldi berean "jarduera berriak" sustatuz. Fagorreko likidazioak berak eskaini dezake jarduera berri horiek epe ertainera. Horretarako «baliabide eraginkorrak" jarriko ditu taldeak. 50 milioi euro arteko funtsa eratzeko asmoa dauka, ez alferrik, kazeta honek aurreratu zuenez. Kooperatibetan "ahalik eta birkokapen gehien" gauzatzeko lanak aurrera jarraitzen du, edonola ere, eta «prestakuntzari buruzko proposamen berezi bat» lantzen ari da taldea, "kualifikaziorik txikiena duten bazkideen enplegarritasuna handitzeko". Erretiroak ere hainbat langilerentzat irteera bat izango dela garbi esan du Mondragonek. Hala, «aurretiko erretiroko prestazioen proposamen bat» egingo da, "Lagun-Aro, EPSV mutuarekin lankidetzan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.