Krisiari indartsu eusten ari da Mondragon taldea. Hazkunde garaietako etekinetara iritsi gabe, baina zenbaki gorrietatik urrun. Iaz, 125 milioi euro irabazi zituen, 2010ean baino %30 gutxiago—urte horretan 178 milioi izan ziren—, baina 2009an halako bi —61 milioi izan ziren 2009an—.
Irabazi gutxiago izanagatik, emaitza ontzat jo du Jose Maria Aldekoa Mondragon taldeko presidenteak: «Egoera gorabehera, nazioartekotzeari bultzada berria eta garrantzitsua eman diogu, merkatu berrietan sartu gara, berrikuntza sustatu dugu eta gure negozio batzuk birkokatu ditugu. Hori guztia, aurreko urteko enpleguari eutsita. Beraz, ekitaldiaren balorazio orokorra baikorra da».
Euskal Herriko enpresa talderik garrantzitsuena da Mondragon: 225 enpresa ditu, 83.000tik gora langile, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren %4 inguru hark sortzen du.
1. Nazioartekotzea
Mondragon aspaldi hasi zen nazioartean lanean. Eta, krisi garaian, estrategia horretan sakontzeko hautua egin du. Kooperatiba taldeak 94 lantegi ditu Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo, 2010ean baino hamazazpi gehiago. Gehienak Europan ditu, baina baita Txinan, Brasilen, Indian eta Errusian ere. 15.000tik gora langile ditu Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo.
2. Berrikuntza
Berrikuntza da Mondragonen beste oinarrietako bat eta haren salmenten beste bultzatzaile bat. Iaz industria arloak saldu zituen produktu eta zerbitzuen herenak berriak izan ziren, bost urte lehenago ez zeudenak.
Taldeak, iaz, 335 milioi euro inbertitu zituen industrian, eta 165 milioi ikerketan, garapenean eta berrikuntzan (I+G+B). 508 asmakizunen patenteak ditu, eta I+G-ko nazioarteko 39 proiektutan parte hartzen du. Proiektu horiek aeronautika, energia, IKT informazio eta komunikazio eta nanoteknologia sektoreetakoak dira, besteak beste. Ikerketa sare zabala du, bai enpresen barruan, bai enpresetatik kanpo: hamalau zentro teknologiko eta Mondragon Unibertsitatea bera. Mondragon Unibertsitateak Gastronomia Zientzien fakultatea abiarazi zuen iaz: Basque Culinary Center. Aipatzekoa da, halaber,Oronaren ekimenez Hernaniko Galarreta gunean eraikitzen ari diren Orona IDeO berrikuntza gunea. 2014ko udaberrirako azpiegitura berrietan lanean hasteko moduan izatea espero dute.
3. Industria
Industria arloko enpresek, hiru urtean, %25 handitu dituzte Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egiten dituzten salmentak. Iaz, guztira, 5.929 milioi euroren salmentak egin zituzten —2010ean baino %3,8 gehiago— eta haietatik %67, nazioartean —3.973 milioi euroren salmentak—, inoizkogehien. Krisi aurreko urteetako kopurua bera ere gainditu egin dutela nabarmendu du taldeak.
4. Finantzak
Urte gogorra izan zen finantza sektorearentzat, eta Euskadiko Kutxak antzeman zuen. Erreserbetarako 222 milioi euro jarri ostean, 19,4 milioi euroren irabazi garbiak poltsikoratu zituen, 2010ean baino %62 gutxiago. Beste 65 milioi euro Lagun Aro erosten gastatu zituen.
5. Banaketa
Eroski taldeak 36 milioi euro galdu zituen, 2010ean baino %44 gutxiago. Eroski Kooperatibak, ordea, 42 milioi irabazi zituen.
6. Enplegua
Taldearen barruan, 290 lanpostu galdu dira. 2010ean, batez beste, 83.859 langile izan zituzten, eta iaz, 83.569.
Mondragonek 125 milioi irabazi ditu, nazioarteko salmentei esker
Irabazietan %30eko jaitsiera izan du kooperatiba taldeak, baina lantaldeari eutsi egin dio, eta inbertsioak handitu egin dituIndustriako enpresek sekula baino gehiago saldu dute Euskal Herritik eta Espainiatik at
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu