Ekonomia

Mondragonek elkarlanerako akordioa sinatu du Grifolsekin

Osasungintzarekin lotutako proiektuak garatzea da hitzarmenaren helburu nagusia. Ekintza bateratuak egiteko batzorde bat osatuko dute datozen hilabeteetan.

Mondragon Taldeak garatutako "Kiro Oncology" robota, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 6a
10:06
Entzun

Aspaldidanik dabil Mondragon Taldea osasungintzaren alorrean proiektuak garatzen; Mondragon Health unitate estrategikoa, adibidez. Gaur iragarri du sektorean aurrera egiteko hurrengo pausoa kooperatibak: Grifolsekin akordioa itxi du, taldeak dituen robotika eta instrumentazio teknologiak osasungintzaren alorrera aplikatu eta zenbait proiektu garatzeko. Hitzarmenak formakuntza eta talentuaren alorrean ere eragingo du, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlana sustatuko baita.

Elkarlanaren ondorioz sor daitezkeen proiektuak ebaluatu eta lehentasunak ezartzeko, datozen hilabeteetan osatuko dute ekintza bateratuak egiteko batzorde bat; bi konpainietako kideek hartuko dute parte.

Iñigo Uzin Mondragon Taldeko presidenteak argitaratu duten oharrean dioenez, "oso pozgarria da urte askotako lankidetzaren ostean Grifolsekin akordioa sinatzea. Osasungintzan eta antzeko sektore estrategikoetan garapena eta negozio berriak bilatzea da hitzarmen horren helburua".

Ildo beretik jo dute Grifols taldeko ugazabek, Victor Grifols Deu eta Raimon Grifolsek. Adierazi dutenez, Mondragon Taldeak "ibilbide esanguratsua du", eta, eurentzat, "osasungintzaren eta farmazeutikaren sektoreetan berrikuntza teknologikoak lortzeko aukera bikaina da" ezagutarazi berri duten akordioa.

Grifols Bartzelonan sortutako konpainia da, osasungintzan espezializatua. Transfusioarekin lotutako medikuntzan du ospea, nagusiki. Ibex-35 indizean dago enpresa, eta 22.000 langile baino gehiago ditu 30 herrialdetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.