Fagor Etxetresnak

Mondragonek gaur erantzungo dio Edesari

Arrasateko taldeko Kontseilu Orokorrak batzarra dauka arratsaldean, eta azken erabakia hartu ondoren Basaurin garatutako plana lagunduko duen ala ez jakinaraziko du. Ezusterik ez bada, ezetz esango du.

Gaurko manifestazioa, Gasteizen. ARP
xabier martin
2014ko otsailaren 14a
19:20
Entzun

Mondragoneko Kontseilu Orokorreko kideek datozen orduetan erabakiko dute hiru milioi eurorekin laguntzen duen ala ez Fagor Etxetresnen Confort adarrerako Edesako bazkide talde batek garatutako bideragarritasun plana. Behin betiko erantzuna dagoenean eragile guztiei jakinaraziko die, baita hedabideei ere. Ezusterik ez bada, ezezkoa izango da erantzun hori, nahiz eta Edesa-Geyser lantegiak lotzen dituen proiektuak aukera txikiren bat izan oraindik.

Plana garatu duen talde eragileak proiektua erretiratu duela jakinarazi zien atzo Edesako bazkideei Basaurin egindako batzarrean. "Plana erortzen utzi dute", esan zieten Mondragoni erreferentzia eginez. "Ez dute garaiz erantzun, eta ez erantzutea ezetz erantzutea da", azaldu zuten. Jakin bazekiten, ordea, gaur bertan Kontseilu Orokorrak bilera egingo zuela auzia argitzeko, eta pentsatzekoa da aste honetan bertan Mondragon ezezkoaren alde egitekotan dagoela jakin duela taldearen gidarien ahotik.

Erantzuna azaltzeko oinarriak

Haatik, Arrasaten ez dute oraindik azken hitza esan, eta horrek azalduko luke hein batean atzo Edesan zabaldu zuten mezua; gaur arratsaldeko goi bileraren bezperan presioa egiteko modu bat litzateke, jakinda proiektuak apenas duela aukerarik. Mondragonek luze-zabal aztertu ditu Basauriko taldeak igorritako planaren zenbaki guztiak, eta beste iritzi kualifikatu bat ere eskatu du. PwC ikuskaritza enpresak IBR (Independent Business Review) azterketa bat egin du plan horrek dituen benetako aukerak zehazteko.

Mondragonek ezezkoa emango balu azkenean, azterketen emaitzak behar bezain onak ez diren seinale litzateke, ez behintzat inbertsioa gutxieneko segurtasun batez egiteko adinakoak. Arrasatek ondo daki Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioak, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra eta proiektu horretan enplegu zuzena lortuko luketen 260 langileak (zeharka beste 85) begira-begira daudela. Arrasatek 20 milioi euro eskatzen dituen planean hiru ez inbertitzea erabakitzen badu, oinarri sendoak behar ditu ezezko hori azaltzeko, hala talde barrura begira nola gizarteari begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.