Kooperatibak

Mondragoneko industria alorrak 2.600dik gora lanpostu sortu ditu iaz

Kooperatiba talde osoak 80.800 langilerekin itxi zuen 2017. urtea; 11.280 milioi eurotik gorako salmentak izan ditu, aurreko urtean baino %1 apalagoak.

Mondragon taldeko Matrici kooperatibaren lantegi bat. MONDRAGON
Irune Lasa.
2018ko ekainaren 22a
13:08
Entzun

Mondragon taldearen adar sendoenetakoa industria kooperatibena. Alor horrek iazko urtea 5.547 milioi euroko fakturazioarekin amaitu du, aurreko urteko kopurua %8,1 hobetuta. Hala ere, emaitzetan beherakada izan dute kooperatiba industrialek. Aurreko urtean baino %9 gutxiago irabazi du alorrak, 233 milioi euro, "batez ere lehengaien prezioak gora egin duelako, euroaren balioaren handitzeagatik eta atzerrian plantak ireki direlako ere".

Langile kopuruan ere gora egin dute iaz Mondragonen industria kooperatibek. 2.691 lanpostu gehiagorekin, kooperatiba horiek urtea 37.020 langilerekin itxi dute. Taldea pozik dago bere industriako kooperatibetan enpleguak azken urteetan izandako bilakaerarekin. Azken bosturtekoan 7.000tik gora lanpostu sortu dituzte, eta horietatik %55 Euskal Herrian sortu dira. Mondragonen arabera, "gainera, kooperatibek ondo asmatu dute Fagor Etxetresnak itxi izanak eragindako 1.895 bazkideetatik ia guzti-guztiei enplegu irtenbideak ematen, batez ere birkokapenen eta aurretiko erretiroen bidez".

Nazioartekotzearen apustuarekin jarraitu dute iaz Mondragoneko industria kooperatibek. Dagoeneko, arloaren salmenten %70 egiten dira Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo. Filial berriak ere zabaldu dira iaz, Txinan, Mexikon eta Norvegian. Mondragoneko industria alorrak 143 filialekin itxi zuen iazko urtea.

Mondragoneko kooperatibek, oro har 80.818 langile dituzte, iaz baino %0,7 gehiago. Taldearen salmentak 11.280 milioi eurokoak izan dira iaz, 2016. urtean lortutakoak baino %1 apalagoak. Iaz Mondragonek 451 milioi euroko inbertsioak egin zituen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.