Epe luzera 'Ba1' kalifikazioari eutsi dio Moody's agentziak Kutxabankentzat, eta 'NP' kalifikazioan utzi du epe laburrera; horrek Espainiako finantza sistemaren barruan leku onenetakoan utzi du Kutxabank, orain arteko estatusa berretsiz. "Arriskua bere gain hartzeko duen gaitasun egokian" oinarritu du agentziak orain arteko kalifikazioei eusteko erabakia. Kutxabankek gaitasun hori baduela dio Moody's-ek, nahiz eta finantza merkatuaren "ahuldadean" eta interes tipo baxuen jokalekuan ari den.
Eta horrek "aurreikuspen txarrak" dakartza Moody's-en ustez, Espainiako ekonomia atzeraldian dagoelako oraindik eta hazkunde globala egoteko "aukera gutxi" dagoelako epe laburrera. Eraikuntzaren krisiak, langabezia tasa handiak —"euroguneko altuena"— eta "bankuen krisiak" bultzatzen dituzte aurreikuspen oker horiek, kalifikazio agentziaren arabera. Egoera horrek eragin dezake "kalitatezko aktiboak okertzea finantza sisteman", eta horrek berak beste eragin bat izango luke domino efektu bat bezala: "kapital merkatuekiko konfiantza ahula are gehiago ahultzea".
Dena den, Kutxabankek "diru sarrera propioak sortzeko" gaitasuna dauka Moody's-en ustez, baita "bere kapitala indartzekoa ere". Hala erakusten du azken bi urteotan berankortasun indizea egonkortu izanak; "Espainiako bankuen berankortasun indizeak okertzeko joera nabarmenaren alboan" kontrastea egiten du datu horrek, agentziaren arabera.